Olaeta ibaiaren tarte baten eskuineko ertza naturalizatu da Otxandion

0

URAk Olaeta ibaiaren tarte baten eskuineko ertza naturalizatu du, Otxandio herriaren parean: herriaren hegoaldean egin da jarduketa, Plaza Nagusitik gertu, Olaeta ibaiaren ibaiertzaren ondoko parke txiki baten parean. Bolaleku izenarekin ezagutzen da zonaldea.

Tarte horretan, Olaeta ibaiaren ibilguak 2 metro inguruko sakonera du bi ertzetan, eta 15 metroko zabalera. Zaharberritu beharreko eskuinaldeko ibaiertza artifizializatuta zegoen, 36 metroko luzerako harri-lubeta hormigoitu bertikal baten bidez. Horrek ibilguaren zeharkako jarraitutasuna eteten zuen eta ibaiertzeko landaredia behar bezala ezartzea eragozten zuen.

Jarduketa hauek egin dira: harresiaren goiko hesi zaharra kendu da; horma bertikalaren zati bat eraitsi da; ibaiertz eta ertz naturalak egokitu dira; eta, ondoren, ibaiertza tokiko espezieekin landareztatu da.

Era berean, ibaira iristeko bide bat eraiki da: erribera eta ibaiertza handitu diren eremutik jaisten da, parkeko pasealekuetatik ibilguraino.

Jarduketak 2 asteko obrak eta 28.000 euroko inbertsioa behar izan ditu, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.