Osakidetzak errezeta elektronikoaren bidez kudeatuko ditu estatuko entitateen 9.000 mutualisten medikamentuak Euskadin

0

Osasun Sailak gaur onartu du Gobernu Kontseiluan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta MUFACE, ISFAS eta MUGEJU mutualitateen arteko hitzarmena sinatzeko proposamena. Helburua da Osakidetzaren errezeta elektronikoko sistemaren bidez kudeatu ahal izatea prestazio farmazeutiko anbulatorioa, sistema horri atxikitako mutualistak farmazia-bulegoetara joaten direnean.

Hala, mutualitate horietako titular eta onuradunek medikamentuak farmazietan hartu ahalko dituzte errezeta elektronikoa erabilita, Euskadiko osasun-sistema publikoko errezeta elektronikoko sistemaren bidez, baldin eta Osakidetza aukeratu badute asistentzia farmazeutikoa jasotzeko. Euskadin, hiru mutualitate horietako baten onuradun diren 9.000 pertsonak aukeratu dute Osakidetzak emandako asistentzia publikoa, Euskal Osasun Zerbitzuaren errezeta elektronikoko sistemaren bidez medikamentuak jasotzeko, hau da, e-rezetaren bidez.

Horietatik 3.256k badute preskripzio aktiboren bat Osakidetzaren preskripzio elektronikoko sisteman. E-rezeta erabiltzeak abantaila ugari ematen dizkie pazienteei, bai eta Osakidetzako osasun-profesional eta Euskadiko farmaziei ere. Errezeta elektronikoaren bidez medikamentuak banatu ahal izatea funtsezkoa da Osakidetzaren informazio klinikoko sistemetarako. Izan ere, alde batetik, prestazio farmazeutikoaren prozesuak integratzea dakar –preskripzioa, bisatua, banaketa eta fakturazioa–, eta, bestetik, aukera ematen du historia farmakoterapeutiko bakarrean biltzeko pertsona berari arreta eman diezaioketen fakultatiboek agindutako tratamendu guztiak.

Mutualitateek ematen duten asistentzia sanitarioaren barruan zerbitzu farmazeutikoak ere jasotzen dira, eta, hain zuzen, horri esker sinatu ahal izan da hitzarmena. Prestazio farmazeutikoa honetan datza: asistentzia sanitarioaren onuradunei ematea medikamentuak, formula magistralak, efektu eta osagarri farmazeutikoak eta bestelako produktu sanitarioak, indarrean dagoen legeriak aitortutakoak, Osasun Sistema Nazionalaren barruan. 

Euskadin, Estatuko entitateetako mutualitate nagusiekin lortutako akordioaren ondorioz, Osakidetzak kudeatuko du medikamentuak banatzeko prozesua. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, eta beste lau urtez luzatu ahalko da, betiere inplikatutako alderdiak ados badaude.