Osasun Sailak anbulantzia ez-asistentzial, anbulantzia konbentzional eta garraio kolektiboko anbulantzia bidez garraio sanitarioa kontratatzeko prozesuari eman dio hasiera

0

Lizitazio-aurrekontua 135,2 milioi eurotik gorakoa da, hau da, egungo kontratua baino % 24 handiagoa; horrela, zerbitzuaren kostuetara egokituko da eta hitzarmen kolektiboa sinatu dadin erraztuko da 

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Osasun Sailak hasiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemako pazienteak anbulantzia ez-asistentzialetan, konbentzionaletan eta garraio kolektibokoetan garraiatzeko zerbitzua hurrengo hiru urteetarako kontratatzeko prozesuari. Guztira 135.200.772 euroko zenbatekoa izango du. Horrek esanahi du egungo kontratuaren aldean % 24ko gehikuntza izango duela, eta, horrela, zerbitzuaren egungo kostuetara egokituko dela eta gaixoak eta zaurituak anbulantzian garraiatzeko errepidean zeharreko garraio sanitarioaren Euskal Autonomia Erkidegoko hitzarmen kolektiboa sina dadin erraztuko dela.

Kontratu berriaren xedea da anbulantzia ez-asistentzial, konbentzional eta garraio kolektibokoetan egindako garraio sanitarioaren eskaerari erantzutea, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Erakunde Sanitario Integratuek (ESI) eskatuta. Horrela, zentro propioetan edo itunduetan artatutako gaixoak lekualdatu ahal izango dira eta, ezintasun fisikoagatik edo bestelako arrazoi klinikoengatik, garraio arrunta erabili ezin dutenak osasun-zentro batera edo, dagokien osasun-laguntza jaso ondoren, etxera eraman ahal izango dira.

Kontratu berri horren lurralde-esparrua Euskal Autonomia Erkidego osoa da, eta 2014/24/EB Zuzentarauak ezarritako enpresa txiki eta ertainen konkurrentzia errazteko helburuari jarraituz, zerbitzua hiru lotetan banatzen da, lurralde historiko bakoitzeko bat.

Esleipen-irizpideei dagokienez, eskaintzarik onena aukeratzeko garaian, honako alderdi hauek baloratuko dira: proposamen ekonomikoa; anbulantzien antzinatasuna; eskainitako ibilgailuen CO2 emisioa; lizitatzaileek eskaintzen dituzten baliabide materialak; lan-plangintza; prestakuntza-plana; premia bereziak dituzten erabiltzaileentzako edo egoeretarako zerbitzuak; osasun-ibilgailuen ekipamendu teknikoak eta ezaugarriak gehitzea; eta genero-berdintasuna sustatzeko enpresaren protokoloa edo neurri espezifikoak.

Kontratuaren iragarkia Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialera eta kontratatzailearen profilera bidaliko da, baimen eta onar dadin. Eskaintzak aurkezteko epea abenduko azken astean edo 2024ko lehen astean hastea aurreikusten da.