2025. urtean Automobilgintzako Fabrikazio Aurreratuko Ikerketa Zentroa Gasteizen sortzeko akordioa

0

Eusko Jaurlaritzak 2025eko abendua baino lehen Gasteizen Automobilgintzako Fabrikazio Aurreratuko Ikerketa Zentroa sortzeko akordioa onartu du. Gobernu Kontseiluaren babesa jaso ondoren, Iñigo Urkullu Lehendakaria akordio hori sustatu duten enpresak hartu ditu. Bilera horretan ere hartu dute parte Arantxa Tapia sailburuak, Mikel Amundarain Industriako sailburuordeak eta Ana Camacho Industria eta Trantsizio Energetikoko zuzendariak. Enpresa sortzaileen aldetik, Mariluz Villamor, BAMeko Gerentea; Bernd Krottmayer, Mercedes-Benz Gasteizko Lantegiko Zuzendari Nagusia; Marijose Armendariz, Gestampeko Plangintza Estrategikoko Zuzendari Korporatiboa eta Eder Sancho, Mondragon Taldeko MB Sistemas enpresako ordezkaria Lehendakaritzan ospatutako topaketan egon dira.

Bilera amaitzean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Basque Automotive Manufacturing Center (BAM) Automozioko Fabrikazio Aurreratuko Teknologien Garapenerako Euskal Elkartearekin itxitako akordioaren oinarriak azaldu ditu.  Nabarmendu duenez, «zentro berriak prozesu-teknologia berriak eta sistema adimendunak diseinatu eta garatuko ditu, etorkizuneko ibilgailu elektrikoa eta konektatua fabrikatzeko. Ezagutza hori sortzeko, zentro berriak elkarlaneko ikerketarako azpiegiturak ere izango ditu».

Automobilgintzaren industria etengabe eraldatzen ari da. Teknologia berriak, jasangarritasuna eta kontsumitzaileen portaera berriak aldaketak eragiten ari dira automobilgintzako industrian. Europako Batzordeak 2050erako helburutzat jarri du emisiorik eza ekonomia osoan. Emisioen inguruko murrizketa gero eta handiago horiek ibilgailu elektrikoen garapena bultzatzen ari dira.

Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jo du Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa aurreratuko zentro bat izatea, azpiegitura zientifiko-teknologiko bat izango duena, bikaintasuneko ikerketa bat garatzeko, enpresen, agente teknologikoen eta administrazioaren arteko lankidetza publiko-pribatuaren eskematik abiatuta. Administrazioaren laguntza funtsezkoa da automobilgintzaren sektoreak dituen erronkak gainditzeko.

Aldaketa handiko testuinguru horretan, 2023ko uztailaren 10ean, Automozioan Fabrikazio Aurreratuko Teknologiak Garatzeko Euskal Elkartea – Basque Automotive Manufacturing center (BAM) – sortu zen Araban. Elkarteak berezko gaitasunak izango ditu, eta bere bazkideenak ere integratuko ditu. Horrela, lankidetza publiko-pribatuko eredu baten bidez, gaitasun zientifiko eta teknologiko berriak sortuko eta daudenak koordinatuko ditu, sektorearen balio-katearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna lortzen laguntzeko.

BAMak automozioaren sektorearen eskari eta erronka globalei erantzuten die, sektore hori funtsezkoa baita Euskadirentzat eta Arabarentzat. Fabrikazio-teknologien esparruan ezagutza sortzeko eta balio-katea eraldatzeko elkarlaneko ikerketaren aldeko apustua egiteko, honako arlo estrategiko nagusi hauek garatu eta indartu beharko dira:

  • Mugikortasun elektrikoaren erronkak garapen eta fabrikazio aurreratuko eredu berriak eskatzen ditu balio-katerako, ibilgailuaren osagaiak eta prozesuak ardatz hartuta.
  • Fabrikazio digitaleko teknologiak ezartzea automobilaren garapen-prozesu osoan
  • Ingurumen-inpaktua murriztea, bai produktuan, baita ekoizpen-prozesuaren garapenean ere, fabrikazio-lantegiak deskarbonizatuz.

Gaur aurkeztutako akordioak ibilgailu elektrikoa garatzeko funtsezkoak diren teknologia nagusietan ezagutza bultzatuko du.

  • Estatuan eta Europan automobilgintzako erreferentziazko zentroa izatea, I+G sustatuz eta etorkizuneko erronka teknikoak konpontzeko ekimenak bultzatuz:

1.- Ezagutza aurreratua garatzea lotura-teknologietan (termikoa, mekanikoa, laserrarekin eta itsasgarria), logistikan eta ikusmenean (fabrikazio malgua 4.0), estalduretan (zigilatzea eta argizariak) eta auto elektrikorako kalitatean. Fabrika malgu eta adimendunaren kontzeptua garatzea, multiteknologiako produktu konplexuetarako.

2.- Teknologia digitalak (IA, digital twins, ikuspen artifiziala, etab.) aztertzea eta garatzea, eta hauek etorkizuneko ibilgailuaren esparruan fabrikazio-teknologiekin integratzea.

3.- Laborategian garatutako ezagutza testatzea eta baliozkotzea. Ikerketa-prozesua berrelikatzeko eta lortutako emaitzak optimizatzeko beharrezko datuak lortzea.

  • Ezagutza, ideiak eta proiektu kooperatiboak partekatzeko ekosistema bat sortzea, industrializazioa eta emaitzak sortzeko helburuarekin.
  • Gure berrikuntza-sare publiko-pribatuan parte hartzen duten eragile guztiak espazio berean biltzea, hala nola automobilgintzaren sektoreko balio-kateko enpresak, formakuntza- eta ikerketa-zentroak.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzaren bitartez, Europar Batasuneko araudia kontuan hartuta, 12.588.451 euroko laguntza bideratuko du proiektu honetara.