- Bingen Zupiria sailburuak parte hartu du Euskalraldiaren laugarren edizioari buruzko prentsaurrekoan
- Antolatzaileek hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dute, edizioz edizio ikusi delako ariketa eraginkorra dela eta aldaketak ekartzen dituela
Euskaraldiaren hiru edizio egin dira jada, eta laugarrenaren prestaketa lanak abian dira. Etortzear dagoen edizioaren inguruko xehetasunak emateko bildu dira, gaur, Donostiako Tabakaleran, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.
Ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitu izan dituzte antolatzaileek, urtetik urtera ariketa egitea eraginkorragoa izateko. Hain zuen ere, hausnarketa horietatik etorri da, oraingoan, Euskaraldia egiteko garai aldaketa. Laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da.
Euskaraldiaren hirugarren edizioa burutu ondoren, balorazioak, ebaluazioak eta aurrera begirako erabakiak hartzeko denbora-tarte bat hartu zuten antolatzaileek. “Euskaraldia proposamen berria eta berritzailea izan zen: aurrez zenbait esperientzien oinarria zuen, baina planteatu zen dimentsioetan, ordura arte, inon horrelakorik burutu gabekoa. Metodologian ere berrikuntza ugari ekarri zituen, eta, bereizki lehen edizioak, aurreikuspen guztiak gaindituta, sekulako astindua eragin zuen Euskal Herri osoan. Astindua bai egiteko moduetan eta baita hizkuntza-ohiturak aldatzeko pausoetan ere”, azaldu du Urkijok. Esandakoaren adierazgarri eta adierazle bezala, edizioz edizio egindako ikerketen emaitzak zein parte-hartzaileek eta entitateek egindako ekarpenak aipatu ditu Euskaraldiko koordinatzaileak. “Euskaraldia eraginkorra dela, eta aldaketak ekartzen dituela, erakusten dute iturri ezberdin horietatik jasotako mezu zein ondorioek”, nabarmendu du.