89 gazte joango dira atzerrian izango duten lantokira Eusko Jaurlaritzak emandako BEINT nazioartekotze-bekei esker

0

89 gazte urtarrilean abiatuko dira atzerrian izango duten lanpostu berrira Eusko Jaurlaritzak ematen dituen BEINT nazioartekotze-bekei esker. Beka horiek bi helburu dituzte: nazioartekotze eta kanpo-merkataritza arloetan talentu berriak trebatzea, eta hala Euskadiko enpresek eta erakundeek izan ditzaketen beharrei erantzun ahal izatea. Hauxe izango da 1986an sortu zen eta nazioartean prestigio handia duen programaren 37. urteurrena.

Pertsona horietako 9k atzerrian ezarrita dauden eta gehienak Euskadin errotuta dauden enpresatan hasiko dituzte beren praktikak. Beste 80 gaztek, aldiz, praktikak toki hauetan egingo dituzte: Basque Trade & Investment-eko kanpo-sareko bulegoetan, atzerrian kokatuta dauden Espainiako bulego ekonomiko eta komertzialetan, edo Afrikako, Amerikako, Asiako eta Europako 45 herrialdetako nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak; eta Hezkuntzako sailburuak, Jokin Bildarratzek, gaur goizean Barakaldoko BECen egindako ekitaldian entregatu dituzte 100 akreditazioak. Bertan izan dira 89 gazte bekadunak eta haien senideak, eta Industriako sailburuordea, Mikel Amundarain; eta Basque Trade & Investmenteko zuzendaria, Ainhoa Ondarzabal.

2021ean sinatu zuten hitzarmena SPRI Taldeko Euskadiko Nazioartekotze Agentziak-Basque Trade & Investment-ek eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak. Hitzarmenari esker, urte horretatik, BEINT beken berezko programa Euskadiko hiru unibertsitateek gai horrekin lotuta dituzten prestakuntzako metodologia eta ezagutza onenekin bateratzen dira.

Hitzarmena Euskadiko hiru unibertsitateekin

Hitzarmen horren helburua da BEINT beka-programaren onuradun diren gazteei kalitatezko prestakuntza eskainiko dien ekosistema sortzea. Horren bidez, gai hauekin lotutako arauak eta errealitatea hobeto ezagutu ahal izango dute: nazioarteko merkataritza, Euskadiko egitura ekonomikoa eta bertako erakunde eta enpresen sarea. Horrez gain, enpresa multilokalizatuak kudeatzearekin eta nazioarteko salerosketak egitearekin lotutako beharrezko trebeziak sakondu ahal izango dituzte.

Horren bidez, SPRI Taldeak eta Basque Trade & Investmentek beka horiei % 100eko babesa ematen jarraituko dute, baita hautaketa-prozesua kudeatzen eta prestakuntza-ibilbidearen eta unibertsitateen (bakoitzak bere metodologia eta ezagutza ditu) koordinazioa egiten ere. Horrekin lotuta, BEINT programako bekadunen lana ebaluatzen dute (dagokien prestakuntza-ibilbidearen arabera), eta BEINT programako bekadunek jaso beharreko unibertsitate-kredituak ematen eta aitortzen dituzte.

Beint bekak

30 urte baino gutxiagoko berrogeita hamar gazte baino gehiago aurkezten dira urtero BEINT beketara. Horien helburua da nazioartekotze arloan talentu berriak trebatzea Euskadiko enpresa eta erakundeen beharrei erantzun diezaien. BEINT bekek aukera paregabea eskaintzen dute goi mailako unibertsitate-titulazioa duten gazteek kanpo-merkataritza eta nazioartekotzean prestakuntza jaso dezaten.

Programa oparoa da eta honako hauek jasotzen ditu besteak beste: erreferentziazko titulu propioa lortzea, 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa Basque Trade & Investmenteko Kanpoko Sareko Bulegoetan, atzerrian dauden Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetan, edo nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan eta, azkenik, 8 hilabeteko egonaldia mundu osoan zehar banatuta dauden enpresetan (gehienak Euskadikoak).

37 urtez abian egon ostean, talentu berrietarako nazioartekotze-tresna honen enplegagarritasun-indizeak ia erabatekoak direla esan dezakegu.

Basque Trade & Investment – Euskadiko Nazioartekotze Agentziak zuzentzen eta SPRI Taldean barneratuta dagoen ekimenak hiru fase ditu: lehen etapan, Euskadiko hiru unibertsitateetan banatutako prestakuntzako 14 modulu daude, dagozkien campusetan (Bilbon) eskaintzen direnak. Guztira, unibertsitateko 43 kreditu osatzen dira eta unibertsitatea bakoitzak bere titulua ematen du. Aurrez aurre eta online eskainitako prestakuntza horretan, ikasleek nazioarteko merkataritzaren eta Euskadiko egitura ekonomikoaren arau eta errealitateak sakontzen dituzte, eta enpresa multilokalizatuak kudeatzeko beharrezko trebeziak barneratu.

Lehen fasea gainditzen duten bekadunak bigarren fasera iristen dira. Nazioartekotzeari babesa emateko erakundeetan 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa jasotzen dute bertan. Praktika horiek Euskadiko Nazioartekotze Agentziaren bulego-sarean eta atzerrian dauden Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetan egiten dituzte.

2021ean, TPE, nazioartekotzea sustatzeko eragileen Europako elkartea, eta garapen ekonomikoko Greziako eta Flandriako garapen ekonomikoko agentziak ere gehitu ziren. Horri esker, bekadunek beren prestakuntza-ibilbidea bete ahal izateko beste helmuga batzuk dira horiek. Hala, gazteek beren ezagutzak handitu ditzakete kontinente ugarietan banatutako 40 herrialde baino gehiagotan dauden toki horietakoren batera joateko aukera izanda.

BEINT beken azken fasean, nazioartekotutako (ahal dela Euskadikoak) enpresetan praktika profesionalak egiteko aukera izaten da. Programaren etapa horretara iristen diren gazte bekadunek kanpo-merkataritzarekin lotutako beren ezagutzak eta trebetasunak handitzen dituzte benetako enpresa-ingurune batean. Praktika horien bidez, gainera, atzerrian lan-aukeretara sarbidea izateko aukera izaten dute. Izan ere, aurreko edizioetan parte hartu duten gazteen erdiek (gutxi gorabehera), programa amaitzean, enpresa horietan lanean jarraitu dute.

BEINT bekak 30 urte baino gutxiago dituzten, Euskadin bizi diren, eta unibertsitate-titulazioa eta ingeles maila handia dituzten gazteei zuzenduta daude. Programak 37 urteko eskarmentua du eta, orain arte, 2.000 gaztek jaso dute kanpo-merkataritzaren eta nazioartekotzearen inguruko prestakuntza. Unibertsitate-gradu guztientzat irekita dagoen arren, parte-hartzaileen titulazio ohikoenak dira enpresen administrazio eta zuzendaritzako gradua, ingeniaritzak eta zuzenbidea. Eusko Jaurlaritzak, aurten, 4,5 milioi euro bideratu ditu ekimenera.