Donostiak lehen aldiz neurtuko du Gabonetako kanpainaren karbono aztarna

0
binary comment

Azterketaren emaitzatik hiriko ingurumen-konpentsazioak eratorriko dira

Ekonomiako eta Bertako Enplegurako Zinegotzigoak eta Donostia Sustapenak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuarekin lankidetzan, zera dute helburu: 2023ko Gabonetako kanpaina mugarri izatea jasangarritasunaren alde egindako apustuan, lehen aldiz kanpainaren karbono aztarna neurtuko baita. Aldundiak finantzatuko du ekimena, eta abenduaren 1etik urtarrilaren 7ra bitartean, kanpainaren baitan programatutako jardueren BEG isurien guztizkoa neurtuko da. Etorkizunera begira, ikerketari esker, neurri zuzentzaileen plan bat ezarri ahal izango da, isuriak murriztu eta konpentsatzeko; lehen urrats bat Gabonak klimatikoki neutroak izan daitezen eta ingurumena erabat errespeta dezaten.

Ekonomiako eta Bertako Enplegurako Zinegotzi Marisol Garmendiak nabarmendu duenez, “donostiarrek ingurumen kontzientzia handia dute, eta Gabonak, kontsumoa nabarmen handitzen den garaia denez, une egokia dira kontsumoaren ondorioei buruz hausnartzeko eta ekintzak abiatzeko. Karbono aztarna neurtzea eta gure jardueraren isuriak eta inpaktua ezagutzea da neurri zuzentzaileak ezartzeko lehen urratsa, eta horixe bera egingo dugu. Donostiako Gabonak jasangarriak izatea da gure helburua, hurrengo belaunaldiek ere urte askotan ospatzen jarrai dezaten”.

Zera gogoratu du Marisol Garmendiak: “ekimen honek bat egiten du aurretiaz hartu ditugun beste batzuekin, hala nola LED teknologiak erabiltzea eta argien ordutegia arrazionalizatzea, eta neurri horiei esker, % 23 aurreztu genuen energia kontsumoa aurreko kanpainan”.