Euskadin bizi diren atzerrian jaiotako gazteen erdiak baino gehixeagok diote noizbait diskriminatuta sentitu direla Euskadin beren jaioterriagatik

0

Datu hori Gazteen Euskal Behatokiak 2023ko azaroaren 6tik abenduaren 1era arte online egindako inkesta batetik dator. Inkesta horretan 15 eta 29 urte bitarteko 1.701 gaztek hartu zuten parte. Gazte horien artean 167 atzerrian jaiotakoak dira, eta haiek eman digute Euskadin izan duten diskriminazioari buruzko bizipena.

2030 Agendaren lehentasunen euskal programak, 2021-2024 aldirako jarduera-planean, migrazioekin lotutako konpromiso batzuk ezartzen ditu, hala nola, «migrazio-egitatearen aurreko harrera-, integrazio- eta erantzunkidetasun-kultura zibikoa sustatzea eta hedatzea», «migratzaileak hartzeko estrategia global bat finkatzea», «asilo-politikaren euskal eredu bat definitu eta sustatzea» edota «zaurgarritasun-egoeran dauden migratzaileentzako babesa, estaldura eta laguntza».

Konpromiso horiek, era berean, 1. (pobreziaren amaiera) eta 10. (desberdintasunak murriztea) Garapen Iraunkorrerako Helburuekin lotuta daude. Eta, zehazki, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako 10.2 xedearen helburua da «hemendik 2030era bitartean pertsona guztien gizarteratze soziala, ekonomikoa eta politikoa sustatzea, haien adina, sexua, desgaitasuna, arraza, etnia, jatorria, erlijioa edo egoera ekonomikoa edo beste edozein baldintza kontuan hartu gabe».