Eustatek guztira 232 Estatistika-Eragiketa planteatzen ditu 2024ko estatistika-programan, 24,7 milioi euroko kostuaz

0

Euskal Estatistika Kontseiluak eta Euskal Estatistika Batzordeak, Ekonomia eta Ogasuneko Sailburua Pedro Azpiazu buru dutela, bi txosten egin dituzte gaur, asteazkena, Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak aurkeztutako 2024ko Urteko Estatistika Programari buruzko Dekretuaren Proiektuaren alde. Proiektu horrek 232 estatistika-eragiketa planteatzen ditu datorren urterako, 24,7 milioi euroko kostuaz.

2024ko Estatistika Programak 2023-2026 Euskal Estatistika Planaren Legea garatu eta egikaritzen du. Lege hori Eusko Legebiltzarrak aho batez onartua da. Plana Euskadiko hurrengo lau urteetako estatistika-jarduera antolatzeko tresna da.

Estatistika ofiziala egotea ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren errealitate sozioekonomikoa ezagutzeko. Helburua da estatistika-informazioko sistema bat ezartzea, plan estrategiko publikoen diseinuari, ezarpenari eta ebaluazioari euskarria emateko eta kudeaketa publikora egokitzeko, datuetan oinarrituta.

Eustatek datorren urterako planteatutako 232 estatistika-eragiketak azken programan jasotakoak baino hogei gehiago dira. Programaren kostu osotik (24,7 M €), Eustatek % 74,5etan hartzen du parte eta, ondoren, honako hauek datoz: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila (% 6,0), Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila (% 5,6) eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila (% 3,9).

Eustatek 119 eragiketaren ardura du, eta sailek banaketa hau du dute:

  • Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena: 31 eragiketa.
  • Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak: 14 eragiketa.
  • Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak: 11 eragiketa.
  • Kultura eta Hizkuntza Politika: 11 eragiketa.
  • Osasuna: 11 eragiketa.
  • Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 10 eragiketa.
  • Lana eta Enplegua: 9 eragiketa.
  • Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: 8 eragiketa.
  • Ogasuna eta Ekonomia: 4 eragiketa.
  • Segurtasuna: 3 eragiketa.
  • Hezkuntza: 1 eragiketa.

Hiru foru-aldundiak ere parte-hartzaile gisa agertzen dira.

Gaikako arloen arabera, kostu handienekoa Demografia eta gizarte-ohiturak da (2024ko Programaren guztizkoaren % 12,5) eta, ondoren, honako hauek datoz Kontu ekonomikoak (% 12,1) eta Estatistika-azpiegitura (% 11,6).

Hedapen-aldizkakotasunaren arabera, 190 estatistika-eragiketa egiturazkoak dira —urtean behin edo gehiagotan egiten dira, eta horietatik 102 urtekoak dira—, eta 31 koiunturalak dira.