Gaitasun handiak dituzten ikasleak identifikatu eta detektatzeko eta haiei hezkuntza-erantzuna emateko estrategia

0

Hezkuntzako sailburuorde Begoña Pedrosak eta Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendari Lucía Torrealdayk adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleak identifikatu eta detektatzeko eta haiei hezkuntza-erantzuna emateko estrategiaren lehen ezarpenaren ondorio nagusiak aurkeztu dituzte gaur. Ekimenak adimen-gaitasun handiko ikasleei hezkuntza-arreta emateko Planaren helburu nagusietako bati erantzuten dio: ikastetxean ikasle horiekiko esku-hartzea sistematizatzea, haien hezkuntza-arrakasta sustatzeko.

Gaitasun handiak dituzten neska-mutilek berariazko hezkuntza-premiak dituzte, eta premia horiek detekzio goiztiarra eta ikasleen ezaugarri eta ahalmenetara egokitutako hezkuntza-erantzuna behar dute.  

Ikasle horiek detektatzea beharrezkoa da haien baliabide intelektualak, gaitasunak, errendimendua, ikasteko estiloa, interesak, etorkizun-sena, ezaugarri pertsonalak eta emozionalak eta abar ezagutzeko. Horren bidez, erantzunik egokiena eskaini ahal izango da goiz. Azken batean, xedea da ikasteko aukerarik handienak eskaintzea, ikasleen garapen emozionala bultzatzea eta haien ahalmena eta konpetentziak garatzea.

Askotariko profila

Adimen-gaitasun handiko pertsonen familiak eta gizarte- eta kultura-inguruneak askotarikoak dira, eta pertsona horiek desberdintasun indibidualak agertzen dituzte lorpen akademikoei eta garapen sozial, emozional eta kognitiboari dagokienez. Ikasle horien ehuneko handi batek bere eskola-bizitza era negatiboan bizitzeko eta sisteman porrot egiteko arriskua dago.

Ikasle horien profilak ez dio ikasle-tipologia bakar bati erantzuten, eta, beraz, hezkuntza-komunitatean finkatu diren mito edo oker jakin batzuk gainditu behar dira (“ikasle horiek ez dute laguntzarik behar, erraz detektatzen dira, edota arrakasta handia dute akademikoki eta arlo guztietan”). Gainera, oso garrantzitsua da kontuan hartzea kultura-estereotipo, genero-rol eta beste aldagai jakin batzuek zaildu egiten dutela gaitasun handiko neskak detektatzea, beren ahalmenak ez agertzeko eta beren gaitasun handia ezkutatzeko joera izaten baitute.

Ikastetxeen errealitateak kontuan hartuta (errealitate horiek ere askotarikoak dira), gaitasun handiak dituzten pertsonen identifikazioa errazten eta sistematizatzen duen prozedura bat ezarri da, eta prestakuntzak eskaini zaizkie hainbat hezkuntza-etapatako ikastetxe publiko eta itunpekoetako irakasle tutoreei, irakasle aholkulariei eta irakasle orientatzaileei.

Detektatzen direnetik neurriko erantzunak eman arte

Estrategia urtero abiarazten da Lehen Hezkuntzako 1. eta 6. mailetan matrikulatutako ikasleekin, eta koordinatutako hainbat helburu bilatzen dira baheketaren lehen fasetik ebaluazio pedagogikoaren hirugarren fasera arte. Helburu nagusia da gaitasun handiko ikasleen detekzioa eta haiei eman beharreko hezkuntza-erantzuna hobetzea eta hezkuntza-komunitate osorako jarduketak sistematizatzea.

Prozesuan parte hartzen duten eragile nagusiak honako hauek dira: familiak (askotan hezkuntza-sistemari seme-alabekiko hezkuntzako esku-hartzearen inguruko kezka helarazi diotenak), irakasleak, irakasle aholkulari eta orientatzaileak, ikasleak berak eta hezkuntza-laguntzaren berariazko premien inguruko Berritzeguneetako aholkulariak.

Lehen Hezkuntzako 1. mailan, lehen fasea (baheketa-fasea) otsailean burutu zen, eta Lehen Hezkuntzako 6. mailan, berriz, apirilean. Guztira, 40.410 ikaslek parte hartu zuten. Fase horretan, irakasle tutoreek, irakasle aholkulari/orientatzaileen laguntzarekin, adimen-gaitasun handien behaketa egin eta behaketa-eskalak bete zituzten. Lehen fase horretan lortutako informazioaren bidez, bigarren fasera igaroko ziren ikasleen ehunekoa zehaztu ahal izan zen (% 16,7).

Bigarren fasea (detekzio espezifikoa) 2023ko martxotik apirilera bitarte burutu zen Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleekin, eta maiatzean 6. mailakoekin, eta zuzeneko behaketak, galde-sorta espezifikoak, detekzio-probak eta elkarrizketak (familiekin) egin ziren. Lortutako informazioarekin, profil indibiduala zehaztu zen, eta adimen-gaitasun handiekin bateragarria zen profila zuten ikasleak azken fasera (ebaluazio psikopedagogikoa) igaro ziren. Fase hori adimen-gaitasun handiko ikasle bakoitzari eman beharreko hezkuntza-erantzunaren proposamenarekin amaitzen da. Zeregin hori ikastetxeko irakasle aholkulari/orientatzaileek, Hezkuntza Laguntzaren Berariazko Premien (HLBP) inguruko aholkulariek eta irakasle taldeko gainerako irakasleek egiten dute. Azken etapa hori maiatzetik ekainera bitarte burutu zuten Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleek.

Prozesu osoan, gaitasun handietan adituak diren Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikertzaileen talde baten laguntza jasotzen da. Fakultate horrek adimen-gaitasun handien izaeraren inguruan sentsibilizatzen eta prestatzen ditu hezkuntza-arloko profesionalak, detekzio eraginkorra bultzatzeko. Halaber, hezkuntza-proposamenak egiten ditu eta ikasleak identifikatzeko prozesuak aztertzen ditu. Deustuko Unibertsitatearen inplikazioaren beste helburu bat da arlo horretako ikerketa-lanak garatzea eta biltzea.

Prestakuntza sistematikoa protokoloaren fase guztietan

  1. Sentsibilizazioa eta detekzioa, funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako 1. eta 6. mailetako irakasle tutoreei eta irakasle aholkulari eta orientatzaileei zuzendua.
  2. Detekzio espezifikoa, funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxe guztietako irakasle aholkulari eta orientatzaileei zuzendua.
  3. Hezkuntza-erantzuna, funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxe guztietako irakasle tutoreei eta, oro har, irakasle guztiei zuzendua.

Orientazioa, aholkularitza, jarraipena eta ebaluazioa

Ebaluazio psikopedagogikoa egin ondoren, beste urrats bat egiten da: hezkuntza-erantzunaren inguruko aholkularitza eta orientazioa. Puntu horretan, hezkuntza-erantzuneko hainbat neurri konbinatuz hartu beharreko hezkuntza-neurrien sistematizazioa zehazten da. Neurri horiek guztiak Norbanako Jarduera Planean jasota geratzen dira.  Plan horretan, aurreikusitako jarduketekin lortu nahi diren helburuak zehaztu eta curriculumean egin beharreko aldaketak erabakitzen dira. Horretarako, ausazko aberasteak, programazio malguak, bizkortzeak eta abar egiten dira. Horren bidez, curriculuma aberastu nahi da ikasleen gaitasunei, interesei eta profilari erantzuteko, irakatsi eta ikasteko prozesuak pertsonalizatuz.

Azkenik, Norbanako Jarduera Planean hartutako neurrien jarraipena eta ebaluazioa egiten da esku hartu duten profesional guztien artean eta, hala badagokio, familien parte-hartzearekin. Ildo horretan, ebaluazioa baliagarria da ikasleen bilakaerari, hartutako neurrien baliotasunari eta jarraitutako prozesuari buruzko datuak lortzeko.