OSOA, 2015-2022 Euskadiko Landa Garapeneko Programaren Jarraipen Batzordearen urteko saioa egin da

0

Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan ospatu da 2015-2022 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programaren Jarraipen Batzordearen urteko saioa (OSOA programa, FEADER funtsak, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek batera finantzatua). Euskadiko erakundeetako eta nekazaritzako elikagaien balio-kateko eta landa-inguruneko 40 ordezkari inguru bildu dira bertan, eta Europako Batzordeko eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko ordezkariek ere parte hartu dute.

Euskadiko LGPren Kudeaketa Agintaritzak, Jone Fernández Landa Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria buru duela, OSOA programaren egungo egoeraren berri eman du. Programazio-aldiaren azken fasean, Euskadiri 2015-2022 aldirako esleitutako FEADER funtseko 112 Milioi euroen % 90eko gauzatze-maila du, eta horrek Europako eta estatuko batez bestekoaren gainetik jartzen du, baita orain arte exekuzio onena izan duten Europar Batasuneko bost estatu kideen artean ere.

FEADER funtsen guztizko agortzea 2025erako kalkulatzen da, 2022ko azken deialdietan onartutako inbertsioei dagozkien laguntzen ordainketak egin ahala. Hala ere, adierazi da aurrekontu-doikuntza bat egin behar dela funtsak erabat agortzen direla ziurtatzeko, eta, beraz, kudeaketa-agintaritzak LGParen finantza-aldaketa bat izapidetuko du, FEADEReko 1,3 Milioi euro inguru neurri batzuetatik beste batzuetara pasatzeko.

FEADER funtsaren gauzatzeaz gain, azken urteotan Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek OSOA Programaren esparruan egindako ahalegin ekonomikoa nabarmendu da; izan ere, FEADER funtseko 112 Milioiak batera finantzatzeko jarri diren funts propioen 60 Milioiez gain, beste 120 Miloi funts propio gehigarri konprometitu dira programazio-aldian izandako laguntza-eskaera guztiari erantzuteko.

Europako Batzordeak eta MAPAk zoriondu egin dute Euskadi bere zenbakiengatik eta egindako lan onagatik, eta biek nabarmendu dute Kudeaketa Agintaritzak beti izan duen jarrera eta lankidetza-espiritua, LGPren kudeaketaren eta koordinazioaren esparruan.

Gauzatze-gaiak alde batera utzita, LEADER neurriari dagokionez aurten egiten ari den ebaluazio-lana ere jakinarazi da; ebaluaketa honen txostena 2024ko urtarrilean argitaratzea aurreikusten da.

Saioa amaitzeko, UAGA nekazarien sindikatuak OSOA programaren bitartez finantzatutako zenbait kooperazio-proiektu aurkeztu ditu.

Bileraren ondoren, Kudeaketa Agintaritzak Batzordeko eta MAPAko ordezkariei lagundu die Lehiatu eta LEADER dirulaguntzen bidez finantzatutako beste proiektu batzuk bertatik bertara bisitatzen.

OSOA Programari buruzko informazio gehiago.