Punzomatek galdaragintza fineko eta doitasuneko multzo metalikoak esportatzen ditu Kanadara, Britainia Handira eta Irlandara

0
PRUEBA

Punzomat enpresak, duela 25 urte baino gehiagotik, galdaragintza fineko eta doitasunezko elementu eta multzo metalikoak fabrikatzen ditu, bereziki sektore elektronikorako, non ibilgailu elektrikoen erreleak edo kargagailuak fabrikatzeko erabiltzen diren. “Txapa formatuan oinarrituta fabrikatzen dugu beti. Txapa puntzonatzen hasiko gara, eta prozesu desberdinetatik jarraituko dugu, hala nola tolestetik, hariztatzetik, elektrosoldaketatik, soldadura konbentzionaletik eta bernoak edo azkoinak bezalako elementuak txertatzetik“, zehaztu du Punzomateko gerenteak, Julen Egaña Meabek. 

Enpresa bizkaitarrak elementu elektronikoentzako edukiontziak eta plaka elektronikoak muntatzeko pieza metalikoak ekoizten ditu. “Bezeroaren planopean beti”, argitu du Egaña Meabek. 

Merkatu nazionala lehentasunezkoa da euskal enpresentzat, baina “atzerriko merkatuetara ere esportatzen dugu, hala nola Kanadara, Britainia Handira edo Irlandara. Gainera, duela pare bat urte arte Txinara ere esportatzen genuen”, nabarmendu du konpainiaren ordezkariak. “Esportazio horiek gure urteko fakturazioaren % 10 dira, 3,5 milioi euro inguru denak”, aitortu du. 

Industria elektronikoa, segurtasuna eta osasuna

Punzomatek lantzen duen sektore nagusia industria elektronikoa bada ere, “beste industria batzuetarako ere fabrikatzen dugu, adibidez, segurtasunarentzat (kutxa gotorrak) eta osasunarentzat (ozono-sortzaileak)“, zehaztu du Julen Egañak. Bere bezero nagusien artean General Electric, Ingeteam eta ZIV Automation daude. 

Bezeroen behar berrietara egokitzeko, Zamudioko enpresak produkzio-prozesuetan berrikuntzaren aldeko apustua egiten du. “Duela gutxi, puntzonatzeko gure makina nagusietako bat aldatu dugu, egiten ditugun prozesuak zabaltzeko eta hobekuntzak lortzeko”, aitortu du kudeatzaileak.  

Gaur egun, 24 langilek osatzen dute enpresa, eta konpainiak espero du “epe laburrean handitzea”, Egaña Meabek aurreratu duenez. 

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.