Lehendakariak: «Nazio Batuen idazkari orokorrak biztanle zibilen aurkako eraso ororen amaiera eta su-eten humanitarioa aldarrikatzen dituenean geure burua duintasunez ordezkatuta sentitzen dugu»

0

2023-12-15.- Iñigo Urkullu Lehendakaria, gaur, eguerdian, Ekialde Hurbil eta Ertaineko gatazkaren ondorio humanitario eta sozioekonomikoen jarraipena egiteko sailen arteko mahaiaren bigarren bileraren buru izan da. Batzar honetan Raquel Martí UNRWAko Espainiako zuzendari exekutiboa  ere izan da, bai eta Jesús Nuñez Gatazka eta Ekintza Humanitarioei buruzko Ikerketen Institutuko (IECAH) zuzendarikidea ere.

Bere lehenengo agerraldian, Lehendakariak gogorarazi duenez “gure esperientziak erakusten digu beti egon behar duen begirada biktimenganako begirada dela. Biktimei begiratzeak konpromiso etiko eta politikoa dakartza berekin. Indar eraldatzailea dauka. Aski da pentsatzea telebistaren bidez ikusten dugun edozein biktima gure familiako kidea dela”.

“Begirada honetatik, betebehar etiko eta politikoa da argi eta garbi kondenatzea Hamasek iragan den urriaren 7an egindako eraso terrorista, 1.200 biktima hil zituen, eta ehunka pertsona bahitu; 130 pertsonak bahituta jarraitzen dute. Ez dago bizitzeko eskubidea urratzea justifikatzen duen arrazoirik”.

“Biktimekiko begirada honetatik, — jarraitu du Lehendakariak — betebehar etiko eta politikoa da argi eta garbi kondenatzea biztanle zibilen aurkako Israelgo armadaren erasoak, dagoeneko 18.000 biktima baino gehiago eragin dituzte, horietako gehienak emakumeak eta adingabeak. Defentsarako eskubideak zehatz-mehatz errespetatu behar du nazioarteko eskubide humanitarioa, eta ezin du laguntza humanitarioa edo arreta medikua jasotzea trabatu edo eragotzi”.

Urkulluren arabera, biktimekiko begirada horretatik, “lehentasunezkoa, presazkoa eta garrantzitsua, une honetan, aldi berean ezinbestekoak diren eta elkar baldintzatzen ez duten hiru eskakizunetan datza: su-eten iraunkorra, bahituak askatzea eta laguntza humanitarioak Gazan dituen mugak eta debekuak kentzea”. Kaltetuentzako premiazkoak diren eskakizunez gain, “beharrezkoa eta premiazkoa da nazioarteko diplomaziak esku hartzea, konponbide negoziatu eta iraunkorreko prozesu bat ahalbidetzeko. Gerra etorkizunik gabeko aukera da eskualdearentzat.”

Era berean, nabarmendu duenez, “ikuspuntu politikotik, eta Euskadiko Lehendakaria naizen aldetik, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren adierazpenek eta deialdiek duintasunez ordezkatzen gaituztela sentitzen dugu. Irmo babesten ditugun adierazpenak eta deialdiak dira. Su-eten humanitario baten alde, Nazio Batuen Batzar Orokorrak aste honetan onartutako ebazpena ere erabakitasunez babesten dugu”.

Urkulluk bere agerraldiaren amaieran azpimarratu duenez, “gure uste sendoa da gerra etorkizunik gabeko aukera dela eskualdearentzat. Akordioa da etorkizunerako bakearen eta segurtasunaren bermea”.

Raquel Martí UNRWAko Espainiako zuzendari exekutiboak, berriz, honakoaren berri eman du: “Gazan bi milioi eta berrehun mila pertsonek lehenbailehen laguntza humanitarioa behar dute. Elikagaiak, ura, botikak eta erregaiak gerrarako arma bezala erabiltzen ari dira, desinformazioa bezala. Pertsonen pilaketen eta osasun eta higiene baldintza eskasen ondorioz, infekzio-gaixotasunak azkar hedatzen ari dira. Kalkulatzen da 1,9 milioi pertsona, biztanleen % 85, lurraldearen barruan mugitu direla. UNRWAk, mugitu diren biztanle hauetatik ia-ia 1,3 milioi jasotzen ditu Gaza osoan sakabanatuta dauden 154 instalaziotan”.

Martík adierazi duenez, “ezin dira justifikatu zibilen eta ospitaleen, eskolen, NBEren instalazioen eta gisa horretako azpiegitura zibilen aurkako aire-erasoak eta biztanle zibilen etengabeko lekualdatzeak. Ezta Gazako biztanle guztiak elikagaiz, urez, arreta medikuz eta higienez hornitzea eragozten duen setioa ere. Agerraldiaren amaieran gogora ekarri duenez, “Nazioarteko Eskubide Humanitarioak zigor kolektiboak debekatzen ditu, eta Nazio Batuek zigor kolektibo gisa deskribatzen dute Gazako zerrendako setioa. Gazako sufrimenduarekin amaitzeko, guztiz ezinbestekoa da berehalako su-etena”.

Ildo beretik, Jesús Núñez Gatazka eta Ekintza Humanitarioei buruzko Ikerketen Institutuko zuzendarikideak adierazi duenez, “nazioarteko eskubidea da  geure burua Palestinan kokatzeko gida. Iragan den urriaren 7an Hamasek egindako ekintzak bezain gaitzesgarriak dira Israel egiten ari dena Gaza zigortzeko bere operazioaren barruan. Batean zein bestean, nazioarteko eskubidea urratzen duten ekintza kondenagarriak pilatzen ari dira, eta, gainera, horrek ez die laguntzen, ez Palestinaren arrazoiei, ez Israelgo interesei.”

Bere azterketan, Núñezek nabarmendu du “gertatzen ari den ezerk ez duela pentsarazten gatazkaren konponbidea hurbil egon litekeenik, horrek indarkeria pairatzen ari diren  biztanleek sufrimendu are handiagoa pairatu ahal dutela eta alderdi biak are gehiago erradikalizatu ahal direla iragartzen du. Testuinguru horretan, epe laburrera, ahaleginik errealistena izan beharko litzateke alderdi humanitarioan ipintzea arretarik handiena, horrela, behintzat, gerraren eraginik makurrenak leundu ahal izateko”.

Mahaiaren aurrekariak

Ekialde Hurbil eta Ertaineko gatazkaren ondorio humanitario eta sozioekonomikoen jarraipena egiteko sail arteko mahaia urriaren 24an osatu zen. Mahai honen helburuak hiru puntutan laburbiltzen dira:

-lehenengo eta behin, eskura dagoen informazioa partekatu eta baloratzea, Ekialde Hurbil eta Ertaineko gatazkaren egoeraren, garapenaren eta ondorioen jarraipen estua egiteko;

-bigarrenik, krisi humanitario honen aurrean Euskaditik plantea daitezkeen ekarpenak proposatzea, baloratzea, eta, hala badagokio, antolatzea, lurraldean bertan, eta, beharrezkoa bada, pertsona errefuxiatuak jasotzeko programetan parte hartuta;

-eta hirugarrenik, behin-behinean, euskal gizartean modu negatiboan eragin ahal duten barne-ondorio sozioekonomikoak aztertzea, eta, hala badagokio, aurre egiteko neurri eta esku-hartzeak baloratzea.

Mahai hau honakoek osatzen dute, sailburuordeei dagokienez: Rodrigo Gartzia, Segurtasuneko sailburuordea; Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordea; Jorge Arévalo, Lanbide Heziketako sailburuordea; José Luis Quintas, Osasuneko sailburuordea; Alfonso Gurpegui, Enpleguko sailburuordea; Mikel Amundarain, Industriako sailburuordea; Pedro Jauregui, Etxebizitzako sailburuordea; Itziar Agirre, Ogasuneko sailburuordea; Paul Ortega, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria; Marian Elorza, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia; Jonan Fernandez, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia eta Manu Castilla, Koordinazio eta Gizarte Komunikaziorako idazkari nagusia.