Bihar “Euskadiko Gazteak lankidetzan” programan izena emateko epea irekiko da, bere 30. Edizioan

0

Bihar 22 eta 30 urte arteko gazteek “Euskadiko Gazteak Lankidetzan” programan izena eman dezaten epea irekiko da.

Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Sailak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak antolatutako programaren 30. edizioa izango da honakoa, orotara, 2.500 gaztek eta Euskadiko eta Amerikako, Afrikako eta Asiako hainbat herrialdetako 100 GGKE baino gehiagok hartu dute parte.

Euskadiko gazteak hegoaldeko herrialdeetan lankidetza jarduerak egitera sentsibilizatzea da bere helburu nagusia, bai eta herri eta kulturen arteko elkartasun hezkuntza sustatzea ere.

Horretarako, hiru hilabetetan zehar, besteak beste, hezkuntzarekin, berdintasunaren sustapenarekin edo nekazaritzarekin lotutako Amerikako, Afrikako edo Asiako hainbat lankidetza proiektutan parte hartu ahalko dute.

Egitasmoan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da 1994 eta 2002 artean jaio izana (biak barne); Euskal Autonomia Erkidegoko herrietako batean erroldatuta egotea, 2023ko abenduaren 19aren aurretik; eta proiektua garatuko den herrialdeko hizkuntza ezagutzea.

 

Beharrezko profilak oso anitzak dira: begirale titulua duten pertsonak; beste askoren artean, mekanika, elektrizitatea, ingeniaritza, berdintasuna, magisteritza, psikologia edo erizaintza ikasketak dituztenak; edo, adibidez, musika instrumentu bat jotzen edo janaria prestatzen dakiten pertsonak.

Izen-ematea

Eskabideak aurkezteko epea gaur irekiko da, abenduaren 19an, eta 2024ko otsailaren 14an amaituko da (biak barne).

Eskabideak www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean eskura izango den formularioaren bidez egin behar dira, eta, horretarako, ezinbestekoa da identifikatzeko bitarteko elektroniko bat izatea. 

Hautaketa prozesua 

Lehenengo eta behin, 2024ko otsailaren amaieran, aurrehautaketa bat egingo da izena eman duten pertsona guztien artean, euren prestakuntza, lan-esperientzia eta kezkak aztertuz, eta Euskadiko GGKE-ek aurkeztutako lankidetza proiektuetako helburuak kontuan hartuz.

Bigarrenik, aurretik hautatutako pertsona horiek, gehienez 200 lagunek, Barriako aterpetxean (Araba), martxoaren 15etik 17ra egingo den hautaketa-prozesuan parte hartuko dute. 

Hautagai guzti horien artean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako hainbat ordezkarik, Gazteria Zuzendaritzak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta hainbat GGKEk osatutako hautaketa-batzordeak, gehienez, 100 pertsona aukeratuko ditu, Amerikako, Afrikako edo Asiako zenbait herrialdetan proiektuak lantzeko.

Bukatzeko, apirilaren 13tik 14ra, prestakuntza fasea egingo da, berriz ere Barrian; bertan landuko dituzten proiektuei buruzko informazioa eskainiko zaie gazteei.

Gazteria Zuzendaritzak, orotara, 500.000 euro bideratu ditu, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa aurrera eramateko. Lankidetza proiektuak koordinatzen dituzten GGKEak laguntzean, proiektuak garatzen diren lekuetara iristeko bidaia-txartelak, bisak eta aseguruak ordaintzean eta hautaketa-, prestakuntza-, eta ebaluazio-proiektuak garatzean datza egitasmo hau.