Tapia: » Guztiz egingarria da Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko Legea onartzea otsailean»

0
  • “Osoko zuzenketarik ez dago. Zuzenketa partzialak aztertu eta otsailean onartzeko epea badago”
  • “Enpresa txiki eta ertainentzako laguntzen programa, Finantza Klusterra, Quebeceko merkataritza bulegoa… Legealdiaren azken txanpoa honetan lan asko dugu”

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gaurkotasuna aztertu du, gaur goizean, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Beste gai batzuen artean, honako hauek baloratu ditu:

Legealdia bukatu aurretik gauza asko ditugu egiteke, eta gauza horien artean Klima Aldaketaren Legea onartzea dugu. Lana dugu aurretik. Enpresa txiki eta ertainentzako laguntzen programa, Finantza Klusterra, Quebeceko merkataritza bulegoa… Legealdiaren azken txanpoa honetan lan asko dugu aurretik”.

“Klima Aldaketaren Legea. Otsailean onartu ahal izateko, orain zabaldu da zuzenketa partzialak aurkezteko epea Legebiltzarrean. Lan egin dugu eta denbora dugu zuzenketa horiek aztertzeko, eta ziur nago adostasunetara iritsiko garela oposizioarekin. CO2 isurketak murrizteko eta energia berriztagarriak martxan jartzeko araudia berria behar dugu, adibidez. Eta Lege berriak hori ahalbidetuko digu”.

“Parke mobila berritzeko eta elektrifikatzeko, edota energia berriztagarriak ekoizteko parke berriak martxan jartzeko mota eta tamaina guztietakoen energia berriztagarriak behar ditugu, bai komunitate energetiko txikiak (kooperatibak direnak) eta bai parke fotovoltaiko edo eoliko handiak ere. Lurralde Plan Sektorialarekin ari gara azpiegitura handi horiek non koka daitezkeen aztertzeko”.

“Enpresa asko haien interesa erakusten ari dira parke eoliko bat martxan jartzeko, eta guk aztertzen dugu ea ingurumen ikuspegitik martxan jarri daitekeen ala ez. Hor hasten da prozesu oso luzea. Jaurlaritzari dagokio aztertzea  parke horiek ingurumen-berme guztiak dituzten; bestela ez da posible izango ezartzea”.

“COP28an onartu da deskarbonizazioa  lortzea 2050 urtera begira, eta horretarako energia berriztagarriak behar ditugu (hidrogenoa, eolikoa, fotovoltaikoa…). Hori lortzeko, enpresen eta administrazioen arteko kolaborazio publiko-pribatua ezinbestekoa izango da prozesua azkartu ahal izateko”.

Oreka lortu behar dugu energia parkeak martxan jartzeko beharrezkoak diren lurrekin eta nekazaritza eta abeltzaintzarako beharrezkoak diren lurrak, bi jarduerak bermatu ahal izateko”.

Sektore energetikoaren aparteko irabazien gaineko zerga berezia egokia ikusten dugu. Aparteko irabaziak badaude, aparteko zerga. Egoera normalizatua lortzen badugu, aparteko zerga horrek ez du zentzurik izango. Hori ez da bakarrik guk pentsatzen duguna, baizik eta Europatik entzuten ari garena”.

“Europa osoan ekonomia hazkundea apala dirudien arren, eta nahiz eta euskal ekonomia munduan bizi, gure enpresak sendo daude, eta, zailtasunak zailtasun, ikusten ari garen enpresen egoera ona da orokorrean. Kontutan izan behar dugu Europako merkatua baina baita mundukoa ere. Horregatik lan egiten ari gara merkataritza bulego berriak nazioartean irekitzeko, adibidez Hego Korean ireki duguna edo Kanadan irekiko duguna, gure enpresei esportazioak egiteko lagundu ahal izateko”.

Michelinekin urruntze bat gertatu da azkenaldian, baina komunikazio zuzen hori berreskuratzen ari gara, lan batzuk dituzte egiteke eta Jaurlaritzatik laguntzeko prest gaude. Egon da momentu zail bat baina konfiantza daukagu talde berriarekin elkarrekin egingo dugula lan”.

“Urdaibaiko Guggenheim museoa proiektu ona da, biosferaren patronatuak aztertua. Lehentasuna da biosfera erreserba zaintzea, ura zaintzea, hor bizi diren espezieak babestea. Alde horretik, berme guztiak ditugu. Errekuperazio lan batzuk egingo dira, lur kontaminatuak berreskuratu, oinoezkoentzako ibilbide batzuk egin… bertan egingo diren lan guztiak Biosferaren Patronatuak baimendu beharko lituzke”.

“Orain tokatzen zaiguna da legealdi hau bukatzea, ondo bukatzea, indarrez eta gauza ondo eginez, eta gure hautagaiari laguntza eta babesa ematea”.