KSIgunek 20 proiektu aukeratu ditu Konexioak deialdiaren 3. edizioaren esparruan

0

2023/24 ikasturterako hautatutako proiektuek Euskadiko KSIei ekarpena egin nahi diete, 12 ikastegiren eta 16 erakunderen arteko lankidetzatik abiatuta, sektore hauetan: moda, artisautza, arte eszenikoak, diseinua, arkitektura, ikusizko arteak, dantza garaikidea, bideojokoak, multimedia, musika, kultura-ondarea, gastronomia eta hizkuntzaren industriak.

KSIgune Konexioak Euskadiko Kultura eta Sormen Industrietarako Goi Hezkuntzako eta Ikerketako KSIgune klusterrak bultzatutako programa da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin eta Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, eta Euskampus Fundazioaren eskutik, klusterra koordinatzeko bi sailek eskuordetutako erakundea.

Goi-mailako Hezkuntzaren eta Euskadiko kultura- eta sormen-erakundeen arteko lankidetza bultzatzeko asmoz, programak, laguntzen deialdiaren 3. edizioaren bidez, ezagutzaren transferentzian oinarritutako 20 proiektu hautatu ditu, lurralde-ikuspegi batetik trantsizio demografiko, ekologiko eta digitalekin lotutako erronka globalei eta erronka sektorialei erantzuten lagunduko dutenak.

Era berean, Euskadiko trantsizio hirukoitzari erantzuten laguntzeaz gain, proiektu batzuk zahartze osasungarriaren eta ekonomia zirkularraren arloetara bideratuta daude, eta horiek Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP 2030) zeharkako ekimen traktoreen artean daude.