Euskadik gaixotasun konplexuak tratatzeko estatu-mailako erreferentziazko hiru zentro berri izendatzea lortu du

0

Lurraldearteko Kontseiluak berretsi egin du gaur Euskadik beste horrenbeste Erreferentziako Zentro, Zerbitzu edo Unitatetarako (CSUR) aurkeztu dituen hiru hautagaitzen izendapena: bi Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, patologia konplexu hipotalamo-hipofisiarioari eta gaixotasun autoimmune sistemikoei buruzkoak; eta beste bat gaixotasun neuromuskular arraroei buruzkoa, Donostia Unibertsitate Ospitalean.

Euskadik beste 8 CSUR zituen jada. Horiek bikaintasun-irizpideen arabera izendatzen dira, patologia bereziki konplexuak dituzten bertako pazienteak edo beste autonomia-erkidego batzuetakoak tratatu ahal izateko. Patologia horien arreta zuzenak kasuak multzokatzea, espezializazio diagnostiko edo terapeutiko handia eta teknologia handia eskatzen ditu. Horrela, ekitatea eta elkartasuna hobetzen dira herritarrek espezializazio handiko zerbitzuak eskuratzeko orduan, esperientzia kontzentratuz eta, era horretan, kalitatezko arreta seguru eta efizientea bermatuz, pazientearen bizi-kalitatea eta pronostikoa ahalik eta gehien hobetzeko.

Horrela, hemendik aurrera, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak bi CSUR hartuko ditu:

Bata, patologia konplexu hipotalamo-hipofisiarioari buruzkoa, sortzetiko eta eskuratutako prozesuak, hormonen disfuntzioa edo inguruko egiturak suntsitzea dakartenak, eta erreferentziazko unitateetan diziplina anitzeko arreta ere behar dutenak.

Bigarrenak gaixotasun autoimmune sistemikoak artatuko ditu. Horien kausa ezezaguna da eta artikulazioei, giharrei eta larruazalari eragiten diete, beste barne-organo batzuetan ere maiz agertuz.

Bestalde, Donostia Unibertsitate Ospitaleak CSUR bat izango du gaixotasun neuromuskular arraroetarako. Patologia horiek, prebalentzia edo intzidentzia txikia izan arren, biztanleriaren ehuneko esanguratsu bati eragiten diote. Heterogeneoak izan arren, diagnostiko-prozedura komunak ahalbidetzen dituzten ezaugarriak partekatzen dituzte, eta horrek esperientzia eta arreta emateko baliabideak bateratzea gomendatzen du. Halaber, konplexutasun handiko estrategia terapeutikoak eta espezialisten diziplina anitzeko taldeak eskatzen dituzte.

Hiru CSUR horiek Euskadin jada badauden zortziei gehitzen zaizkie, hots, esklerosi anizkoitzaren azterketa, begi-azalera konplexuaren berreraikuntza, erretinako distrofia hereditarioak, giltzurrun-transplante pediatrikoa, epilepsia erregogorra, mugimenduaren nahasmenduen kirurgia, sortzetiko gaixotasun metabolikoak eta kirurgia berreraikitzaile uretral konplexua.