Garamendi: «Gure eskumenak Estatuko legeen aurrean zaindu ahal izateko garrantzitsua da Kongresuan foru babes bat izatea»

0

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak adierazi duenez, inbestidura akordioan itundutako eta aldez aurretik adostuko den foru-babesak EAEren eskumenei eragiten dieten lege proiektuen aurrean babestuko ditu. Olatz Garamendik Estatutik Euskadiren gaitasunetan hainbat bide erabiliz egiten den esku sartzeari buruz hitz egin du, eta inbestidura akordioan gai hori jasotzen dela adierazi du. «Eskumen higadura mota desberdinak daude, eta akordioak badu horri dagokion zati garrantzitsu bat. Hori da landu behar duguna, Kongresuan gure eskumenak babestu ahal izatea, Estatuko legeetan foru-babesa emanez «.

Ildo horretan, gogorarazi du, kasuren batean, nazioarteko itunak onartu zirenean bezala, horrelako foru klausulara jo dela, eta gaineratu du klausula horrek foru eskubideak blindatzen dituela eta horiek errespetatzera behartzen dituela. Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, gaineratu du horrelako klausulak txertatu zirela toki erakundeen legean.

Transferentziak

Joan den asteartean Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Historikoko ministroarekin izandako bileraren ostean transferitu gabe dauden transferentzien egoerari buruz ere galdetu diote Garamendiri. Sailburuak adierazi du orain egoera desberdina dela aurreko legegintzaldikoaren aldean. «Behin baino gehiagotan esan dut aurreko legegintzaldian Estatuak ez zituela transferentziak bete, ez zuela Gernikako Estatutuak ezarritakoa bete», azaldu du, eta, jarraian gaineratu du orain «testuinguru politikoa aldatu” egin dela inbestidura akordioaren eta Diputatuen Kongresuko indarren korrelazio berriaren ondorioz. «Beharraren poderioz, hainbat konpromiso sinatu dira eta aurrera eramateko akordioa dago», nabarmendu du.

Zentzu honetan, ministroarekin izandako bilera urrats garrantzitsua izan dela adierazi du: «Orain egoera berri batean gaudela diodanean, esan nahi dut mahai gainean jarri dugula aldebikotasuna nola garatu eta Bitariko Batzorde Iraunkorra martxan nola jarri. Zertarako? Esku artean ditugun gaiei buruzko erabakiak alde bakar baten esku egon ez daitezen. Bileran konpromiso hori hartu genuen».

Hizkuntza Politika Saila euskal sektore publikoan euskara erabiltzeko lantzen ari den dekretuari buruz, Garamendik gogorarazi du gaur egun Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren (COJUA) irizpen juridikoaren zain daudela, eta bi hilabete dituela horretarako. Sailburuak gogorarazi du azken epai judizialen aurka helegitea jarri dutela, eta defendatu du gauza bat dela Konstituzio Auzitegiak esatea euskarak eta gaztelaniak maila berean egon behar dutela, eta beste gauza bat dela EAEko Auzitegi Nagusiak ebaztea hori gaztelaniaren aurka doala. Garamendik esan du ez dagoela ados horrekin eta nabarmendu du euskararen erabileraren inguruan «herri honetan adostasun zabala» dagoela eta horregatik euskarak «gure bultzada eta sustapena» merezi duela, «hori da gure betebeharra eta konpromisoa, eta horretan jarraituko dugu».

Azkenik, euskal sektore publikoko azken greba deialdiei buruz, Garamendi sailburuak esan du ez dagoela «arrazoi nahikorik» lanuzteak egiteko, eta Eusko Jaurlaritzak behin-behinekotasunari aurre egiteko emandako «aurrerapauso handiak» azpimarratu ditu. Ildo horretan, Administrazio Orokorrean 3.700 enplegu finkatuko direla adierazi du, «17.000 dira Hezkuntza eta Osakidetza kontuan hartzen baditugu», eta horren ondorioz, enplegu publikoaren behin-behinekotasun tasa % 8tik beherakoa izango da.