Bulegotik Agintaritzara

0

Gaur egungo Datuak Babesteko Euskal Bulegoko hainbat kide atzoko lehen orduan Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurara joan ziren, gai-zerrendaren bigarren puntuan Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Legearen onarpena aztertu behar baitzen.

Zuzendaria buru zutela, ganberan egindako eztabaida arretaz entzun zuten; azkenik, esan bezala, legea onartu zen: guztira, aldeko botoak 45 izan ziren, kontrako botoak 21, eta 7 abstentzio egon ziren. Etorkizunean Agintaritza izango den Bulegoari dagokionez, herritarren ordezkariek honako hauek esan zituzten:

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka Gervasiok hartu zuen hitza lehenengoz. Bere hitzaldiaren hasieran, ganberan zeuden DBEBko profesionalei eskerrak eman zizkien. Erkorekak aurreko legea, 2004koa aipatu zuen. Alegatu zuenez, hogei urte askotxo dira lege bat erreformarik gabe mantentzeko. Europan eta Estatuan datuen babesaren arloko esparru juridikoan gertatutako aldaketak komentatu zituen. Esan zuenez, aldaketaren helburua da euskal legea araudi horietara egokitzea eta, horretarako, eguneratu behar dira bai legea bera bai esparru horretan lan egiten duten erakundeak.

Bulegoaren edo Agintaritzaren izateari berari buruz, zera esan zuen: «Euskadikoa gaur egun Estatuan dauden hiru kontrol-agintaritzetako bat besterik ez da». Horrenbestez, «zalantzarik gabe, egokia da Datuak Babesteko Euskal Bulegoa bizirik mantentzea baina, jakina, Europako araudiak ezartzen dituen antolakuntzako errekerimendu estrukturaletara eta prozeduretara egokitzea beharrezkoa da». Bere hitzaldia amaitzeko esan zuenez, inorentzat ere ez litzateke ulergarria izango Jaurlaritzak Bulego propioa izateari uko egitea, ez ikuspuntu sinboliko eta formaletik, ez herritarrentzako zerbitzuaren ikuspegitik. Izan ere, Bulegoa kenduz gero, herritarren datu pertsonalak babesteko eskubidearen babesa ahulagoa izango litzateke.

Jarraian, PP taldeko Luis Gordillo Pérezek hartu zuen hitza. Bere esanetan, positiboa da Gardentasunaren Lege-proiektu berrian (leiho berri batean irekitzen da) DBEBko kide bat agertzea erakunde horren Kontseilu Aholku-emailean. Azpimarratu zuenez, interesgarria litzateke egoera hori alderantziz ere gertatzea; hala, datuak babesteko agintaritzaren Kontseilu Aholku-emailean era berean gardentasunaren arloko norbait egongo litzateke, biak ere elkarrekiko lotura duten esparruak izanik.

Hirugarrenez, Elkarrekin-Podemos taldeko Gustavo Angulo Garcíak hartu zuen hitza. Bere taldea botazioan abstenitu zen. Bada, talde horren ordezkari gisa esan zuenez, legeak Bulegoari ez dio aldaketa handirik ekarriko, izen aldaketaz harago. Hala ere, onartu zuenez, «gero eta kontrol zabalagoa behar da; beraz, baliabide ekonomikoak, teknikoak eta giza baliabideak beharko dira Agintaritzak aurrean duen lan-karga handiari aurre egiteko». Horrexegatik, pozik agertu zen bere taldearen proposamenetako bat txertatu zelako. Proposamen horretan, Agintaritzak etorkizunean izango dituen eginkizunak betetzeko baliabide nahikoak edukitzearen alde egin zuen. Bere hitzaldia amaitzeko, Angulok Agintaritzari eskatu zion oinarrizko eskubideen bermatzaile gisa duen lana aldarrika dezala, eta bere eguneroko lana betetzeko baliabide horiek eduki ditzala, behar-beharrezkoak baitira.