Emakundek 800.000 euro bideratuko ditu enpresetan eta elkarteetan berdintasuna sustatzeko

0
  • 150 langiletik beherako plantillak dituzten enpresek dirulaguntza jaso ahal izango dute beren berdintasun-planak egiteko
  • Eskabideak aurkezteko epea otsailaren 2ra artekoa izango da elkarteentzat, eta otsailaren 16ra artekoa enpresentzat

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Emakundek enpresa eta elkarteetan berdintasuna sustatzeko ematen dituen bi dirulaguntza argitaratu ditu, eta 800.000 euro bideratzen ditu horietara.

Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan parte har dezaten sustatzeko dirulaguntzak irabazi-asmorik gabeko emakumeen elkarte eta federazioei eta emakumeen fundazioei zuzenduta daude, baldin eta haien helburu eta jarduera-eremu bakarra emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzen laguntzea bada. Guztira 400.000 euro zuzendu dira diru-laguntza hauetara. Elkareteek proiektuak egiteko proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte datorren urtean, 2024ko otsailaren 2ra arte. Diru-laguntza eskatzeko orria Emakunderen webgunean.

Horrez gain, enpresetan berdintasun-planak bultzatzeko dirulaguntzak ere argitaratu dira. Laguntza horiek enpresa, erakunde pribatu, kooperatiba eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzenduta daude, aholkularitza-enpresa homologatu bat kontrata dezaten emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoa eta berdintasunerako plana egiteko.

Zehazki, 10 eta 150 langile artean dituzten erakunde eta enpresa pribatuak dira laguntza jaso ahalko dutenak, baldin eta, lehen urratsetan, baliabide materialak, ekonomikoak eta pertsonalak behar badituzte, enpresan berdintasuna sustatuko duen kultura barneratzea errazteko.

Deialdia zabalik dago, halaber, irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat, baldin eta gutxienez 10 pertsonak lan egiten badute eta beren berdintasun-planak indarrean dagoen legeriara egokitu behar badituzte.
Eskabideak aurkezteko epea 2024ko otsailaren 16an amaituko da. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.