Eusko Jaurlaritzak joko-makinen esparru arautzailea eguneratu du

0
  • Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren Agindu berriak ekipamendu horiek bete beharreko eskakizunak eta ezaugarri teknikoak, horien interkonexio-sistemak eta kontrolatzeko eta ikuskatzeko mekanismo berriak jorratzen ditu

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) gaur argitaratu du Agindua, 2023ko abenduaren 5ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, joko-makinen eskakizunak eta ezaugarri teknikoak, interkonexio-baldintzak eta kontrolatzeko eta ikuskatzeko behar diren sistemak arautzen dituena. Araudi berri honek «B» eta «C» motako makinen (diru-makinak) modelo homologatuentzako eta horien joko-sistemetako parametro batzuk eguneratu beharrari erantzuten dio, 2022an Euskal Autonomia Erkidegoko Erregelamendu Orokorra aldatu ondoren.

Zehazki, Aginduak abiadura, sarien itzultze-ehunekoa, joko bakoitzeko gehieneko saria eta horiek betetzeko ondoz ondoko partida-zikloak ezartzen ditu. Horrez gainera, zehaztapen teknikoak ere ezartzen ditu makina horien monitorizazioa hobetzeko eta jokatu nahi duten pertsonentzat ulergarriak diren joko-arauak ziurtatzeko.

Bi jokalarik edo gehiagok modu independentean edo aldi berean parte hartzea ahalbidetzen duten “postu anitzeko” makinei dagokienez, agiriak zehazten ditu homologazio-espedienteetan joko eta sari komunen funtzionamendua eta kudeaketa deskribatzeko modua eta barneko zein kanpoko interkonexio-sistemen zehaztapen teknikoak.

Euskadin guztira 11.777 joko-makina daudela kontuan hartuta (6.953 ostalaritzan, 2.595 joko-aretoetan, 2.061 apustu-aretoetan, 94 bingoetan, 53 kasinoetan eta 21 zaldi-apustuetan), Agindu berri honen xedea da jokalariaren esperientzian gardentasun handiagoa izatea eta, azken batean, jokatu nahi dutenei jokoari eta lor ditzaketen sariei buruzko informazio zehatza ematea eta arduraz jokatuko dela bermatzeko behar diren mugak ezartzea.