Eusko Legebiltzarrak Euskadiko 2024ko Aurrekontuak onartu ditu

0

Eusko Legebiltzarrak gaur onartu ditu 2024rako Euskadiko Aurrekontu Orokorrak, 15.000 M €-tik gorakoak. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak adierazi duenez, aurrekontu hauek “herri honen behar eta erronkei erantzuten diete, ez bakarrik 2024rako, baita hurrengo ekitaldietarako ere».

Azpiazuk, Legebiltzarraren osoko bilkura egin ondoren, berretsi du Eusko Jaurlaritzak oinarri “fidagarriak, sendoak, errealistak eta koherenteak” izango dituela, “euskal gizartearen gehiengo handi batek bermatzen duen eta egonkortasuna eta ziurtasuna segurtatzen dituen gobernu-programa batekin”.

Sailburuak azpimarratu du aurrekontu hauek inbertsio publikoaren aldeko apustua egiten dutela, hazkunderako eragile gisa, eta Osasuna eta Hezkuntza funtsezko bi zutabe dituela, Etxebizitzarekin eta Gizarte Politikekin batera. “Gure produkzio-ehuna defendatzea eta babestea, gure enpresei lehiakortasun globaleko agertoki batean laguntzeko”, gaineratu du.

Pedro Azpiazuk 2024ko testuinguru ekonomikoa ere aipatu du: “ziurgabetasun ekonomiko globalek ezinbestean markatuta; beraz, ondo eraikitako aurrekontu batek Eusko Jaurlaritzak bere eskumenen esparruan bere politikak garatzeko behar dituen egonkortasuna eta ziurtasuna bermatzen ditu”. Gainera, “Euskadik erasoei zorroztasunetik, errealismotik eta erantzukizunetik erantzuten jakin du, ausardiaz eta zuhurtziaz, aldi berean”.

Azkenik, Azpiazuk gogorarazi duenez, “oposizioak gaur ikusarazi nahi izan duen errealitate tremendista eta kaotikoaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak bermatuko du Euskadik gizarte berdeago, digitalago eta bidezkoago baterantz aurrera egiten jarraituko duela”.