Jokin Bildarratz: “Hezkuntza Legea oso tresna egokia da guztiok nahi dugun hezkuntza-eraldaketan aurrera egiteko”

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean ETBko “Egun on, Euskadi” saioan. Solasaldian, atzo bertan Legebiltzarreko osoko bilkurak onartu zuen Hezkuntza Legea izan da hizpide nagusia solasaldian.

Legebiltzarretik erantzun dituen galderetan, sailburuak nabarmendu du hezkuntzaren eraldaketari ekiteko garaia dela orain, legea onartu ondoren. “Orain, administrazio bezala, arautegia aprobatzen joatea dagokigu, ikastetxeekin batera etorkizuneko hezkuntza horretarantz joateko, eta azkenean egin nahi duguna egiteko: hezkuntzaren eraldaketa. 12 urte jarri ditugu helburutzat, 2022ko apirilaren 7ko Hezkuntza Hitzarmenaren baitan, eta 12 urte horietan pixkanaka eta ikastetxeen eskutik aurrea joango gera euskal hezkuntza eraldatzen”, azaldu du.

Lege berrian, Bildarratzek nabarmendu duenez, “elementu asko daude, eta onura asko ditugu adierazteko hezkuntza Gobernu honen herri-proiektu eta etorkizuneko proiektu bat dela”. Arau onartu berriak dakartzan onura horietako batzuk ere hizpide izan ditu, hala nola, ekitatea, zaurgarritasunari aurre egitea, deszentralizazioa, udalen papera edo ikastetxeen ahalduntzea eta autonomia indartzea. Elementu horiekin guztiekin batera, ebaluazioa eta irakasleen formazioa ere azpimarratu ditu, bai eta –hizkuntzei dagokienez- legeak ezartzen duen irteera profila ere: B2 maila euskaraz eta gaztelaniaz derrigorrezko hezkuntza amaitzean, eta B1 maila beste hizkuntza batean.

Legea onartzera heldu arteko bide luzea eragileekin batera lan eginez burutu dela ere nabarmendu du Bildarratzek, eta hor ikusten du arau honen baliorik handienetakoa. Aurrerantzean ere, Legeak ekarriko duen eraldaketa horretan aurrera egiteko, eragile guztiekin elkarlanean aritu beharrari nahitaezko iritzi dio. “Guretzat eragile inportanteenak dira ikastetxeak, zuzendariak, klaustroak, irakasleak, gurasoak… eta ezinbestekoa da beraiekin aurrera egitea. Helburuetan ados gaude, eta orain modua bilatu beharra daukagu elkarrekin joateko, seguru nagoelako guztiok nahi dugula etorkizuneko hezkuntza hori aurrera eramatea eta eraldaketa hori gauzatzea. Indarra daukagu, proiektua daukagu, baliabideak dauzkagu. Eta azkenean, hori guztia edukita, modua aurkituko dugu oso tresna ona den lege honekin aurrera egiteko”.

Legeaz gain, 2022ko apirilaren 7an sinatutako Hezkuntza Hitzarmena ere mahai gainean dagoela gogorarazi du Hezkuntza sailburuak, datozen 12 urteetarako neurri zehatzekin. Azkenik, atzoko bozketan kontra azaldu arren, lege berri hau EH Bildurena ere badela adierazi du. “EH Bildurekin egon den diferentzia, azpimarratu duten diferentzia, izan da zioetako esaldi bat. Beraiek pentsatu dute esaldi hori nahiko zela legearen aurka bozkatzeko. Ez dut uste esaldi horrek markatzen duenik legea eta legearen artikulatua. Hizkuntzei dagokienez, hizkuntzen kapituluan eta artikulatuan ados gaude guztiok”. Eta gogorarazi du, EH Bilduk aurkezturiko 70 zuzenketa baino gehiago onartu direla legean.