Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak akordioa lortu du Zainketen aldeko Herri-Itunaren oinarrien inguruan

0
PRUEBA

Aste honetan Lakuan bildu den Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak dokumentu bat adostu du etorkizuneko Zainketen aldeko Herri Ituna bultzatzeko oinarrien inguruan.

Mahaia Hirugarren Sektore Sozialaren elkarrizketa zibilerako eta parte-hartze instituzionalerako organo gorena da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esparruan. Eta, bere ikuspegitik, azken dokumentuan «falta beharko ez liratekeen» elementuak identifikatu ditu. Azken dokumentu hori elkarrizketa sozial, zibil eta instituzionaletik eraiki beharko da.

Akordio honen bitartez «urrats berri eta garrantzitsu bat ematen dugu zainketa-eredu propio, publiko eta komunitario baterantz, Hirugarren Sektore Sozialaren eta lankidetza publiko-sozialaren ekarpena aitortu eta baloratuko duena», nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak.

Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren akordioa Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak apirilean gai horren inguruan lortu zuen akordioari gehitzen zaio.

Sailburuak azaldu duenez, «Jaurlaritza elkarrizketa irekia eta aberasgarria egiten ari da hainbat eragilerekin, zainketen eredua eraldatzen jarraitzeko praktikak adostera bideratuta».

Adostutako dokumentuak zainketei buruz hitz egiten dugunean zertaz ari garen jorratzen du, zainketa horiek bizitzan zehar ahalik eta autonomia handienarekin gizarteratzeko laguntza eta lotura gisa ulertuta.

Dokumentuak ere definitzen du norantz joan nahi dugun, zein den helburua: gure gaitasunak kontuan hartuko dituen eredu propio, publiko eta komunitario baterantz aurrera egitea. Eta bertara nola iritsi, funtsezko estrategia batzuk barne hartuta, hala nola: zainketa-politika inklusiboa, sistemikoa, prebentiboa eta zeharkakoa bultzatzea; eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak definitutako eta NBE Emakumeen Zaintzarako Aliantza Globalak onartutako 5 ezaugarriak: zaintzak duintasunez aitortzea eta ordaintzea; familia-zaintzaren pisua murriztea, erakundeek eskainitako zaintza handituz; zaintzak gizonen eta emakumeen artean birbanatzea; eta zaintzen duena eta zaindua dena ordezkatzea (haiei ahotsa ematea).

Elkarrizketa zibilaren esparruan lehentasunezko bi ardatz ere sartu dira: espazio komunitarioaren, komunitateen eta eredu komunitarioaren garrantzia eta hirugarren sektore sozialaren ekarpenaren garrantzia; eta politiken beharrezko koherentzia, zeharkakotasunarekin batera.

«Zainketa-politika berdintasuna eta gizarte-kohesioa bultzatzeko politika bat da eta hala izan behar du, bai zaintzaileen ikuspegitik, bai zainketak jasotzen dituenaren ikuspegitik» azpimarratu du Melgosak. «Zainketak behar dituzten pertsonen eta hauek zaintzen dituztenen bizi-kalitatea hobetu dezakegu eta hobetu behar dugu. Eta senide helduen zainketak ez du betebehar bat izan behar, aukera bat baizik, eta, beraz, askea, kritikoa, erantzunkidea, denboran mugatua eta laguntzarekin».

Hirugarren Sektore Soziala Jaurlaritzarekin biltzen duen Mahai horretan erabakitakoaren arabera, zainketen euskal ereduak unibertsaltasunaren, elkartasunaren, aurrekontu-efizientziaren eta egokitasunaren printzipioei erantzun behar die.

Zainketak herritar guztientzako eskubide gisa bermatzea da helburua (unibertsaltasun-printzipioa), arreta pertsona bakoitzaren beharretara eta gaitasunetara egokituz (elkartasun-printzipioa), eskura dauden baliabideak eta gaitasunak ahalik eta gehien aprobetxatuz (efizientzia) eta eredu komunitarioarekin bat datozen kalitate-estandarrekin (egokitzapen-printzipioa).

Akordioak, halaber, zaintzaileen (senideen) estatutu bat eratzeko beharra jasotzen du, eskubide objektibo edo subjektibo gisa aitortuta dauden laguntzak eta hobetu behar diren beste eskubide batzuk jasoko dituena.