Arriola: «Estatuko Etxebizitza Legearen inguruan akordio bat nahi dugu, jende askori eragiten dion gaia da eta, ona litzateke lerrokatzea eta Konstituzio Auzitegia saihestea»

0
PRUEBA
  • Sailburuak Next Generation funts gehiago eskatu dizkio Etxebizitza ministroari, eraikinen eta etxebizitzen energia-eraginkortasuna hobetzeko
    • Garraio arduradunak Euskadi osoko garraio publikoko operadoreek adostutako pertsonen erabilera eta errenta-mailagatiko deskontu-sistema baten alde egin du

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak gaur Radio Euskadin azaldu duenez, joan den astean Isabel Rodriguez Etxebizitza eta Hiri Agendako ministro berriarekin etxebizitzaren Estatuko legearen egoera aztertu zuen. «Gustatuko litzaiguke aldebiko batzordean akordio bat egotea, Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegian etxebizitzari buruzko estatuko legearen aurkako errekurtsoa jartzea saihesteko», adierazi du. Legearen literaltasunaren «interpretazio partekatua» bilatzearen alde egin du Arriolak, Jaurlaritzako alderdi abertzaleak eskumenen inbasioa ikusten baitu. «Legeak, bere horretan, esaldi asko ezartzen ditu, hala nola ‘autonomia-erkidegoen eskumenei kalterik egin gabe’, eta pentsarazten didate ez duela eskumenak inbaditzea bilatzen», adierazi du, baina «eskumen horiek inbaditzen ez direla bermatzeko» interpretazio partekatu bat «positiboa izango litzateke, norberak bere autogobernuaren funtsari eusteko aukera ematen diolako».

Etxebizitzarena «jende askori eragiten dion gai sentibera bat da, eta ona litzateke jarrerak lerrokatzea eta errekurtsoa saihestuko lukeen interpretazio bateratu bat bilatzea»; izan ere, azaldu duenez, EAEko legeak neurri asko ditu, baina ez du alokairuaren prezioetan esku hartzeko gaitasunik, eta hori da hain zuzen ere Estatuko legeak baimentzen duena, tenkatutako eremuak izendatuz. Arlo horiei dagokienez, sailburuak azaldu du Etxebizitzaren Euskal Behatokiak txosten bat egin duela araudi berriak ezarritako bi baldintzetako bat betetzen duten Euskadiko eremuei buruz, eta adierazi du eremu horiek 41 udalerrietan daudela. Udaletxeek erabaki behar dute orain, azaldu du sailburuak,  tenkatutako eremuaren izendapena eskatzeko prozedura hasi ala ez erabaki behar dutela. Prozesu «serio eta zorrotza» da, eta datu objektiboak dituen justifikazio-memoria eta hiru urterako ekintza-plana behar ditu egoera hobetzeko.

Nolanahi ere, etxebizitzarena «tresna magikorik ez duen eremu zaila» dela defendatu du, «tenkatutako eremuen deklarazioa ere ez da tresna magikoa, baina tresna guztiek batera emaitzak eman ditzakete».

Etxebizitza ministroarekin izandako bilerari dagokionez, sailburuak nabarmendu du etxebizitzen eta eraikinen birgaitze energetikorako Next Generation EU funtsen kudeaketa jorratu zutela. Laguntza-ildo horretan, Euskadi izan da helburuak lortu eta deialdia itxi duen lehen erkidegoa. «Ministerioari planteatu diogu beste erkidego batzuek esleitutako funts guztiak erabiltzea lortzen ez badute, funts horiek gure aldetik eskuratu ahal izatea, Euskadiri esleitutakoaz harago joateko; zentzuzko eskaera da gurea, Europako funtsak dira, eta erabiltzen ez badira itzuli egin behar dira». Euskadik gai horretan funts berriak kudeatzeko gaitasuna duela defendatu du Arriolak, bai birgaitze energetikoko dirulaguntzak baita alokairuko etxebizitzak eraikitzeko laguntzak ere. Momentuz, azaldu du, «beste erkidego batzuei aukera eman behar zaie helburuak bete ditzaten», adierazi du epeei buruz galdetu diotenean.

Erabileraren eta errentaren araberako deskontu-sistema bat

Garraioen arloan, sailburuak adierazi du, Ministroen Kontseiluak ezkutu sozialari eta garraio publikorako hobariak zabaltzeko aukerari buruz hartuko diren erabakiak alde batera utzita, euskal erakundeek dagoeneko adostu dutela bidaiei % 20ko hobaria mantentzea 2024. urtean. Neurri honen etorkizunari buruz galdetuta, Arriolak «erabilera maila eta egoera ekonomikoa kontuan hartuko dituen deskontu progresiboen sistema» baten alde egin du.

«Egokiena eta bidezkoena da, etorkizunerako sistema hori, deskontu orokortuena baino gehiago», azpimarratu du, Mugiren bidez Gipuzkoakoaren antzeko eredua izango litzatekeela adierazi ondoren.

Aldiriko trenen transferentziari dagokionez, zuzenean Gobernantza Sailak negoziatzen duela azaldu du, eta Garraio Sailak ikuspegi teknikoa ematen duela. Sailburuak azaldu duenez, «azken hilabeteetan aurrera egin da eta azken txanpan gaudela sinetsi nahi dut». Gai horri buruzko balizko akordio baten aurrean, Arriolak «pazientzia» eskatu die herritarrei, «zerbitzuak hobetzea pentsatzen dugu, eta espero dugu herritarrei hobekuntzak eskaintzea, baina gauzak ez dira hobetzen gauetik goizera». Gainera, adierazi du Eusko Jaurlaritza izango dela eskuduna, baina Renferekin kontratu bat dagoela indarrean, eta mantendu egin beharko dela.