Barakaldoko Udaleko Garapen Jasangarriaren eta Ingurune Naturalaren alorrak informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina berri bat antolatu du, gaikako bilketa eta hiri-hondakinen birziklapena sustatzeko. Ekimen berritzaile honetan Ecovidrio eta Ecoembes irabazi-asmorik gabeko erakundeek parte hartzen dute eta «Reciclando ganamos todos y todos» (euskaraz, «Birziklatuz denok irabazten dugu») izena jarri diote, Alba Delgado zinegotziak gaur iragarri duenez.
Kanpaina herritar guztiei zuzenduta dago, eta webgune batean argitaratutako eta kanpainarako berariaz sortu diren hainbat jokotan parte hartzera gonbidatzen du.
«Gabonetako jaietan hondakin ugari sortzen ditugu, gizartean oro har hazten ari den kontsumoari lotuta. Garrantzitsua da gai hori kontuan hartzea hondakinen prebentzioa lehenetsiko duen kontsumo arduratsua egiteko; hau da, ahalik eta kantitate txikiena sortzen saiatzea, ahalik eta gehien berrerabiltzea eta hondakin bakoitza gaika edukiontzi egokian uztea «, azaldu du Delgadok.
Proposatzen diren jolasek modu atsegin eta intuitiboan lantzen dituzte gure etxeetan sortzen ditugun hondakin ohikoenen gaikako bilketei lotutako hainbat alderdi. Gainera, informazio-atal bat ematen da, egon daitezkeen zalantzak argitzeko. Jokoren batean parte hartzen dutenek tokiko produktuekin egindako saski baten zozketan parte hartu ahal izango dute; zozketa urtarrilaren 4an egingo da. Kanpainaren antolaketa saridunarekin harremanetan jarriko da.
Zozketan parte hartzeko ezinbestekoa da 18 urte beteta izatea eta Barakaldon helbideratuta egotea, nahiz eta familian jolastu daitekeen, haurrek laguntzaile lana egin dezaten. Jokoak Udalaren webgunean daude eskuragarri (www.barakaldo.eus) eta kanpainaren esteka espezifikoetara ere jo daiteke zuzenean: www.barakaldorecicla.com gaztelaniaz eta www.barakaldobirziklatu.com euskaraz.
Alba Delgadok barakaldar guztiak animatu ditu «aktiboki parte hartzera eta gauza praktikoak ikasten denbora dibertigarria pasatzera» online joko hauei esker.