Gazteen emantzipazioa bultzatzeko 300 euroko laguntza berria arautzen duen Emantzipa Programaren Dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak

0
PRUEBA

Gazteen emantzipazioa bultzatzeko laguntzak arautzen dituen Emantzipa Programaren Dekretua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu Lehendakariak proposatuta. Bi urtetan zehar, hilean 300 euroko zuzeneko dirulaguntza aurreikusten du 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, emantzipazio-prozesu bat hasi dutenentzat edo hastera doazenentzat.

Prestazio honen helburu zuzena gazteen emantzipazio-prozesuak erraztea edo sendotzea da, bultzada baten bidez, beharrezkoa eta egokia denean. Kontuan izan behar da Euskadiko gazte gehienak 30 urte inguruan edo adin horretatik aurrera emantzipatzen direla. 25-29 urteko gazteek zailtasun handiagoak dituzte. Adin-tarte horretan, emantzipatutako pertsonen ehunekoa % 32,8tik behera dago.

Dekretua onartu ondoren, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak laguntzaren deialdia onartuko du, eta eskaerak aurkezteko epea 2024ko otsailaren 20an zabalduko da.

Baldintzak eta bateragarritasuna

Laguntza horiek jasotzeko, interesdunek 25 eta 29 urte bitartean izan beharko dituzte laguntza eskatzeko unean. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egon beharko dute, eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez, edo, bestela, azken hamar urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan hiru urtez jarraian erroldatuta egon direla egiaztatu beharko dute.

Diru-sarrerei dagokienez, urtean 3.000 eurotik gorako eta 28.000 eurotik beherako diru-sarrerak izan beharko dituzte, edo 34.000 eurotik beherakoak, aitorpena ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera egiten bada. Eta ondasun, eskubide edo aktibo finantzarioei dagokienez, ezingo dira 75.000 eurotik gorakoak izan.

Azkenik, emantzipatu egin direla egiaztatu beharko dute, etxebizitza libre baten errentamendu- edo salerosketa-kontratua aurkeztuta, eta ohiko bizileku iraunkorra izan beharko da.

Ezin izango dute laguntzarik jaso alokairuko babes publikoko etxebizitza bat (Bizigune eta ASAP programak barne) edo jabetzako babes publikoko etxebizitza bat duten gazteek, ez eta etxebizitzaz gozatzeak hilero diru egiaztagarririk ez badakar ere.

Nabarmendu behar da Emantzipa Programako laguntza bateragarria izango dela lehendik dauden beste laguntza batzuekin, hala nola Gaztelagun programarekin, diru-sarrerak bermatzeko errentarekin eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriarekin eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoarekin, gizarte-larrialdietarako laguntzekin eta alokairu-gastuak ordaintzen laguntzen duten udalen edo Administrazio Publikoen beste laguntza batzuk jasotzearekin.

Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuak 53 milioi euro ditu Emantzipa Programarako. Aurreikuspen horrek bakarrik boskoiztu egin du aurreko urteetako Gateriaren aurrekontua. Kalkulatu da lehen urtean 15.000 gaztek baino gehiagok jaso dezaketela laguntza hori.

Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia

Emantzipa Programa arautzen duen Dekretua onartzearekin batera, Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiaren V. Proiektu Traktorea garatuko da, Gobernu Kontseiluak 2023ko martxoaren 21ean onartua. Estrategiak hamar trakzio-proiektu eta 27 ekimen osagarri biltzen ditu, bost eremutan egituratuak: enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia. Emantzipaziorako laguntza hori bat dator bosgarren trakzio-proiektuarekin.

Estrategiak Gazteriaren Legearen aurreikuspenak garatzen ditu, eta Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategiaren osagarria da, 2022ko martxoan eta ekainean, hurrenez hurren, onartutakoak.

Gazteen emantzipaziorako Estrategiaren helburua da 2030erako emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtetik behera murriztea eta emantzipazio-tasa % 50era igotzea. Horretarako, neurri-ekosistema bat biltzen du, belaunaldi gazteekin lankidetzan aritzera bideratua, haien autonomia-prozesuetan eta bizi-proiektuak eraikitzeko prozesuetan.

Ekosistema hori eratzeko, 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat hilean 300 euroko laguntza horri honako hauek gehitu behar zaizkio: hilean 200 euroko laguntza seme-alaba bakoitzeko, hiru urtera arte; Gaztelagun Programaren alokairurako laguntzak, hilean 300 euroraino irits daitezkeenak; Haurreskolen 0-2 urteko etapa doakoa izatea; ondorengoengatiko zerga-kenkariak, edo kontziliazioaren arloan indarrean dauden neurriak.

Eta, horrekin batera, enplegua eta enplegurako prestakuntza sustatzera bideratutako neurrien multzoa, Gazte Enpleguaren Talka Planaren bidez, gazteei etxebizitza eskuratzen laguntzea; eta kohesioa sustatzea eta bazterkeriari aurrea hartzea, DSBE jasotzeko adina aurreratuz edo Trapezistak Programa bezalako jarduerak garatuz, familia-sarerik ez duten gazteei gizarte-bazterketa saihesteko laguntza emateko.

Azken batean, jarduera multzo horren bidez, Eusko Jaurlaritzak helburu bat lortzen lagundu nahi du: gazteen bizitza eta proiektuak modu autonomoan garatzeko baldintza onuragarriagoak sortzea.

Informazioa GAZ Emantzipaziorako zerbitzuaren bidez

Emantzipa Programako laguntza otsailaren 20tik aurrera eskatu ahal izango da. Hala eta guztiz ere, une honetatik aurrera GAZ Emantzipaziorako zerbitzuari zuzendu ahal zaizkio kontsultak, komunikazio-kanal hauen bidez:

  • 646 109 126 telefono-zenbakia, WhatsApp bidez edo dei bat eskatzeko telefono-zenbakia adieraziz.
  • gaz@euskadi.eus helbide elektronikoa.
  • GAZ komunitate birtuala.
  • GAZ Bilbao bulegoa (Sabino Arana, 50).

Laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu http://www.gazteuakera.eus helbidea.