Osakidetzak aho-hortzetako osasunaren prestazio publikoa 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzat zabaldu du

0

Duela 33 urtetik, Euskadik badu Haurren Hortzak Zaintzeko Programa (PADI), 7 eta 15 urte bitarteko haurren aho-hortzen osasuna bermatzeko. 2024an, aipatutako kolektibo berri hori gehituko da programara.

2023an, Osakidetzak aho-hortzen asistentzia kolektibo berrietara zabaltzeko ahalegina egin du: hortzeria iraunkorra arriskuan duten edo txantxarra duten 5-6 urteko haurrak, haurdun dauden emakumeak eta paziente onkologikoak

Arabako Errioxako ESIk hortzen arretarako unitate berri bat izango du 2024an, eremu horretako biztanle guztiei zerbitzua emateko

Osakidetzak 0 eta 6 urte bitarteko haurrak sartu ditu aho-hortzen osasuneko zerbitzuen zorro berrian. Horrela, Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) esparruan, Osakidetzako 13 Erakunde Sanitario Integratuetako hortz-unitate guztiek aho-hortzen asistentzia ere emango diote kolektibo horri.

Hedapena 2024ko ekitaldian zehar gauzatuko da, inplikatutako talde profesionalen egokitzapen fisiko, tekniko eta funtzionalen arabera; horretarako, Lehen Mailako Arretako Pediatriako Haurren Osasun Planarekin koordinatutako protokoloak prestatu eta ezarri beharko dira.

Aho-hortzetako Osasun Unitateen agenda guztietan gutxieneko hutsune batzuk utzi dira, 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzat berariaz programatutako laguntzara bideratuak, baita 7 eta 15 urte bitartekoentzat ere, gaur egun Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI) bidez jada zerbitzu hori ematen ari diren zentroetan.

Aho-hortzen osasunaren esparruan aurreikusitako ekintzen artean, azpimarratzekoa da, halaber, 2024an Arabako Errioxako ESIk hortzen arretarako unitate sortu berri bat izango duela, inguru horretako biztanle guztiei laguntza emateko.

AHO-HORTZEN OSASUNERAKO PRESTAZIO PUBLIKOA

Duela 33 urtetik, Euskadik Haurren Hortzak Zaintzeko Programa —PADI— du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak sortua, Euskadiko 7 eta 15 urte bitarteko haurren aho-hortzen osasuna bermatzeko, hortzeria ona eta zaintza-ohitura osasungarriak garatzeko adin-tarte erabakigarria barne hartuz.

2023an zehar, Osakidetzak aho-hortzen osasuneko zerbitzu-zorro berriari beste kolektibo batzuk gehitu dizkio.

Alde batetik, hortzeria iraunkorra arriskuan edo txantxarra duten 5-6 urteko haurrei PADIren berezko jarduerak aplikatzen zaizkie jada Osakidetzaren hortz-kontsultetan 2023ko urtarriletik.

Haurdun dauden emakumeei aho-hortzetako zerbitzua emateari dagokionez, 2023ko maiatzean osatu zen emakumeen haurdunaldian hortzetako prebentzio-jardueren hedapena —zerbitzu-zorro berriaren proiektuan jasotakoak— Osakidetzako Lehen Mailako Arretako hortz-unitate guztietan.

Bestalde, paziente onkologikoentzako hortz-prestazioak jada Euskal Osasun Zerbitzuaren kontsulta publikoetan aplikatzen ziren.

Era berean, Osasun Saila eta Osakidetza desgaitasuna eta/edo jokabide-aldaketa larria duten pertsonen taldearentzako laguntza emateko eredua zehazten ari dira.

PADI

Haurren Hortzak Zaintzeko Programak —PADI— 200.000 haur inguru artatzen ditu doan urtero, Euskadiko Odontologo eta Estomatologoen elkargo ofizialen laguntzarekin. Horrela, gaitutako dentisten koadro zabal batek parte hartzen du, Osakidetzako profesionalez gain.

PADIk barne hartzen duen urteko azterketarekin, dentistak txantxarra detektatu eta garaiz tratatu ahal izango du haurrei hortzak ateratzen zaizkien eta hortzeria iraunkorrerantz bideratuta dauden etapetan, nahiz eta inolako alterazio edo eragozpenik ez hauteman. Gainera, zainketa prebentiboak eta zuzentzaileak azaltzea ahalbidetzen du, eta ahoko higiene-ohiturak indartzen ditu. Aldizkako kontsultetara joatea aho-hortzen osasuna babesteko eta zaintzeko modu bat da, bai haurtzaroan, bai helduaroan.