2023 urtearen amaiera honetan, Erkorekak nabarmendu du ziberdelituek eta indarkeria matxistaren kasuek gora egin dutela aurten

0

Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburuari, Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote gaur Radio Euskadiko “Boulevard” saioan. Besteak beste, aurtengo segurtasun datuak izan ditu hizpide eta politikagintzan lehen lerroan egingo dituen azken hilabeteei buruz ere mintzatu da.

Segurtasun sailburuak azaldu duenez, aurten delitu presentzialek ez dute gorakadarik izan, bai ordea, Interneten gertatzen diren ziberdelituek eta indarkeria matxistako kasuek ere, era nabarmenean gainera. Horren harira, Erkorekak kezka agertu du: «hezkuntza ereduen aldaketarekin eta belaunaldien arteko erreleboarekin indarkeria mota horrekin amaituko genuela uste genuen, baina ez dirudi horrela izango denik, eta deigarria da, halaber, ziberdelinkuentzia sexualaren gorakada. Kezkatzekoa da eta neurriak hartuak ditugu modurik eraginkorrenean kasu horiei guztiei aurre egiteko, unitate bereziak ere sortu ditugu eta Ertzaintzarentzat bi esparru horiek dira erronkarik nagusienak” esan du.

Gabonetako erosketei dagokienez, Cyberzaintza aipatu du Erkorekak, zibersegurtasunerako sortutako erakunde berria eta Interneten iruzurrak saihesteko eta herritarrei online erosketen arriskuez ohartarazteko abian jarritako prebentzio-kanpaina ere aipatu du. Halaber, adierazi du jende-pilaketa handiak leku aproposak izan daitezkeela lapurretak egiteko, eta, beraz, indartu egin dela poliziaren presentzia puntu horietan herritarren segurtasuna bermatzeko.

Azkenik, sailburuak bere ibilbide politikoaz eta politikagintzan lehen lerroan egingo dituen azken hilabeteez ere hitz egin du. Erkorekaren esanetan, hausnarketa sakon baten eta erantzukizuneko karguetan 24 urteko ibilbidearen ondoren hartutako erabakia izan da. Edonola ere, adierazi du ez duela politika erabat utziko, “lehen lerroa bai, baina politikagintzan aritu izan denak ez du inoiz politika erabat uzten, beti izango dut politikarekiko interesa, politikarekin harremana eta politikaren jarraipena egingo dut, hori ezinbestean mantentzen baita betirako” esan du.