Barakaldoko 4.724 gaztek jaso ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzak emantzipaziorako eskaintzen dituen laguntza berriak

0

Barakaldon 25 eta 29 urte bitarteko 4.724 gazte daude; Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen emantzipaziorako laguntza berria jasotzeko aukera izango duten gazteak. Emantzipa proiektua da, araudi berrian ezarritako baldintzak betetzen dituztenei hilean 300 euro emango dizkien laguntza-lerro berria. Barakaldoko Udaleko Gazteria Zerbitzuak laguntza horien berri emango die Gazte Bulegoaren bidez behar duten gazteei.

Eusko Jaurlaritzak atzo iragarri zuenez, laguntza berria otsailaren 20tik aurrera eskatu ahal izango da, baina gaurtik aurrera, laguntzei, dokumentazioari edo horiek lortzeko egin beharreko gestioei buruzko informazioa behar duenak Gazte Bulegora jo dezake, San Juan kaleko 17. zenbakian, zalantza guztiak argitzeko.

Emantzipatzeko laguntzen lerro berria Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez 12 hilabete erroldatuta daramatzaten edo azken 10 urteetan 3 hiru urtez erroldatuta egon diren 25-29 urteko gazteei zuzenduta dago. Besteak beste, laguntza eskatzen duten pertsonen ohiko bizileku iraunkorra izan behar du laguntza jasotzen duen etxebizitzak, eta ezin da familia-loturarik izan etxebizitza alokatzen edo saltzen duen pertsonarekin (bigarren gradura arte). Eskatutako gutxieneko eta gehieneko diru-sarrerei dagokienez, zergak banaka ordaintzen dituzten pertsonek jaso ahal izango dituzte laguntzak, urtean 3.000 eurotik gora eta 28.000tik behera, eta, batera, 3.000 eurotik gorako eta 34.000 eurotik beherako diru-sarrerak.

Emantzipa txekea Jaurlaritzaren Kontseiluak martxoan onartutako gazteen emantzipazioa bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategian jasotako 27 neurrietako bat da. Bi urtez hilean 300 euroko laguntza horri honako hauek gehitu behar zaizkio: hilean 200 euroko laguntza seme edo alaba bakoitzeko, hiru urtera arte; Gaztelagun Programaren alokairurako laguntzak, hilean 300 euroraino irits daitezkeenak; Haurreskolen 0-2 urteko etapa doakoa izatea; ondorengo bakoitzeko kenkari fiskalak, edo bateragarritasunaren arloan indarrean dauden neurriak.

Gainera, Barakaldoko Udalak emantzipaziorako laguntza-lerro bat ere badu, aurten 243.160 euroko aurrekontua duena. «Adin-tarte horretan dauden gazte guztiak gonbidatzen ditugu Gazte Bulegora deitzera edo bulegora pasatzera, laguntza horiei buruzko informazioa emateko eta laguntza hori eskatzeko beharrezko izapideak prestatzen joateko. Emantzipaziora jauzi egiteak dakartzan gastuei aurre egiteko bultzada garrantzitsua da eta ez dugu gazteek aukerarik galtzea nahi «, azaldu du Jonathan Martin Gazteria zinegotziak.