Bilbo-Basurtuko ESIak 3 argazki jaso ditu, pandemian egindako lana eskertzeko

0

Ekimen hau Maratones Solidarios Javi & Jon elkarteak sustatutako «Artedun Heroiak – Héroes con Arte» proiektuaren barruan kokatzen da. Javi Conde Basauriko atletak eta Jon Salvador lankideak gidatutako proiektu honen helburua da osasun-langile guztiek COVID-19aren pandemian egindako ahalegina eskertzea. Ekimen horretan, Bizkaiko hamabi artistak modu altruistan eman dituzte beren lanak, ospitale eta osasun-zentroetako hormak apaintzeaz gain, garai hartan egin zen eta osasun-arloan egunero egiten den lan garrantzitsua gogorarazteko.

Artelanak entregatzeko ekitaldia gaur egin da Basurtuko Unibertsitate Ospitalean, eta bertan, artistak eta proiektuaren sustatzaileak ez ezik, lagatako argazkiak jarriko diren zentroetako langileak eta zerbitzuak ere izan dira: Lan Osasuneko Oinarrizko Unitatea, Revilla pabiloia eta Errekaldeko Osasun Zentroa.

Bilbo-Basurtu ESIaren izenean, Isabel Malmierca erizaintzako zuzendariak eskerrak eman dizkie ospitaleko zein lehen mailako arretako langile guztiei, egunero egiten duten lanagatik, eta adierazi duenez, «hiru lekutan jarri ditugu argazki horiek, pandemian atsedenik gabe lan egin zuten eta gaur egun egiten jarraitzen duten beste askoren ordezkari gisa». Eta gaineratu du: «aintzatespen guztiak garrantzitsuak dira, baina herritarrengandik zuzenean datozenak benetako pizgarria dira lanean jarraitzeko, orain arte egin dugun bezala».

Bestalde, artista taldea pozik eta harro agertu da bere lanak zentro eta zerbitzu horietan erakusteagatik, eta eskerrak eman dizkie, bai ekimenaren sustatzaileei bai antolakuntzaren zuzendaritzari, proiektu honekin bertako artistei ematen zaien laguntzagatik eta ikusgarritasunagatik.