Eusko Jaurlaritzak Euskadiko diskoteka handiak ikuskatuko ditu Urtezaharreko ospakizunen aurretik

0
  • Ertzaintzako Joko eta Ikuskizunen Unitatea ikuskapen-operatibo berezia egiten ari da segurtasun-neurriak zuzen ezartzen diren egiaztatzeko
  • Urtarrilaren 1eko goizaldean urte-amaierako kotiloien aforoa, adingabeei sarrera debekatzen zaien eta ixteko ordutegia kontrolatuko dituzte

Ertzaintzako Joko eta Ikuskizunen Unitatea, Urtezahar gaueko kotiloien aurreko astean, ikuskapen- eta kontrol-dispositibo berezia garatzen ari da 700 pertsonatik gorako aforoa duten Euskadiko diskoteketan. Gainera, urtarrilaren 1eko goizaldean ere dantzalekuak behin eta berriz bisitatuko dituzte Euskadiko ikuskizunetako araudia zuzen betetzen dela bermatzeko.

Abenduaren 26tik 29ra bitartean, Aitor Uriarte Joko eta Ikuskizunen zuzendariak eskatuta, agenteak establezimendu guztiak ikuskatzen ari dira, batez ere lokalaren antolaketan ospakizuneko berezko atrezzoaren ondorioz egin ahal izan diren aldaketak, arropazaindegiaren kudeaketa, piroteknia erabiliko den edo ohiko jarduera aldaraziko duen beste edozein egoera detektatzeko.

Aurretik egingo diren ikuskapen horien garrantzizko beste alderdi bat lokal bakoitzaren Autobabeserako Plana aztertzea da: diskotekako langileen artean zer-nolako ezarpena duen eta langileen zereginen banaketa, segurtasun-zerbitzu pribatua duten eta sarrerak kontrolatzen dituzten langileek nahitaezko gaikuntza profesionala duten. Gainera, ebakuazio-bideak, horien seinalizazioa eta funtzionamendu egokia, osasun-dotazioa eta lokaletako suteen kontrako babes-baliabideak egiaztatzen ere ari dira.

Urtarrilaren 1eko goizaldean, Ertzaintzako Joko eta Ikuskizunen Unitateak zaintza- eta kontrol-lanak egingo dituzte diskoteken barruan, Herritarren Babeseko agenteekin batera, eta horiek prebentzio-lanak egingo dituzte lokal inguruan. Ertzainek behin eta berriz bisitatuko dituzte aretoak, aforoa zorrotz betetzen den eta bertan daudenak ebakuatzeko larrialdietako irteerak oztopatu gabe gauden bermatzeko. Era berean, irekitzeko eta ixteko ordutegiak ere zainduko dituzte eta lokalean adingabekorik dagoen kontrolatuko dute.

Eusko Jaurlaritzaren helburua instalazioei eta horietako langileei legez eskatzen zaizkien neurriak betetzen diren zaintzea da, ikuskizunen garapen egokia eta abenduaren 31 gauerako aurreikusitako festa horietara joaten diren bezeroen segurtasuna bermatzeko.