Gotzone Sagarduik: «Negu garaiko ohiko arnas infekzioen goraka izan arren, gure zerbitzuak prest daude»

0

Gotzone Sagardui Osasun sailburua elkarrizketatu dute gaur Bilboko Herri Irratian. Besteak beste, gripearen eta covid-19aren kasuen gorakadaz, txertaketa-kanpainez, Osakidetzaren egoeraz eta profesional faltaz hitz egin du sailburuak.

Gripe, Covid eta Bronkiolitis kasuen gorakadari dagokionez, sailburuak nabarmendu du ohikoa dela arnas infekzioen goraka negu garaian; azaldu du atzo argitaratutako arnas infekzioen asteroko balorazioaren arabera, goraka izan dela gripe eta covid kasuetan, bronkiolitis kasuei dagokienean, esan du «azken asteetan kezkatuta izan gaitu arnas infekzio honek, baina badirudi kasuen kopurua jaisten hasi dela» eta gaineratu du «gure osasun-zentroetako eta ospitaleetako egoerak aukera ematen duela behar duten pertsona guztiak behar bezala artatzeko».

Txertaketa-kanpainei dagokienez, sailburuak azaldu du gripearen aurkako txertoaren 500.000 dosi baino gehiago eta COVIDaren ia 400.000 dosi eman direla, eta gogorarazi du gripearen aurkako txertaketa-kanpaina oraindik zabalik dagoela abenduaren 31ra arte, eta azaldu du txertoak direla prebentzio-elementurik onenetarikoak.

Osakidetzaren egoerari, itxaron-zerrendei eta profesional ezari buruz galdetuta, sailburuak azaldu du pandemian egindako ahalegin handiaren ondoren Osakidetza ari dela normaltasuna berreskuratzen. Gaur egun, Sagarduik azaldu duenez, itxaron-zerrenda kirurgikoak 60 egunetik behera daude, iazko abuztuan itxaron zerrenda 85 egunetakoa zen.

Profesional faltari dagokionez, Sagarduik adierazi du ez dela soilik Euskadiri eragiten dion gaia, gauza bera gertatzen ari dela Estatuan eta Europan esan du. «Ez dago nahikoa profesionalik plaza guztiak betetzeko; arrazoia ez da soldata, arazoa 80ko eta 90eko hamarkadetan hartutako erabaki batzuetatik dator, une hartan zegoen gehiegizko profesionalen kopuruari mugak jartzeko hainbat erabaki hartu zituen Espainiako Gobernuak; ordutik hona ez dira neurriak berrikusi, eta gaur egun, gero eta pertsona gehiago daude erretiratzeko adinean, eta dauden beharrak handiagoak dira, baina urtean ateratzen diren profesionalen kopurua ez da nahikoa behar horiek guztiak asetzeko; horregatik, gobernu zentralari eskatu diogu sarbide-ratioak aldatzeko arazoari irtenbidea eman ahal izateko; errealitatea da profesional gehiago behar ditugula eta horretarako neurriak hartu behar direla» adierazi du Sagarduik. Ildo beretik eta Osakidetzako langileen egonkortze prozesuei lotuta, sailburuak nabarmendu du azken urteotan ahalegin handia egin dela. «Guztira 7.639 plaza atera dira eta plantilla 3.500 plazatan handitu da, hau da, prozesua amaitutakoan 11.000 profesional baino gehiagoren plazak egonkortuko dira», gaineratu du.

Azkenik, Sagarduik adierazi du beti daudela hobetu beharreko alderdiak, baina euskal osasun-sistema oso ona eta sendoa dela ziurtatu du, eta bikaintasunerantz aurrera egiten jarraitzea dela euren helburua berretsi du sailburuak.