Lau pertsonak prestatuko dituzte Ikuskaritza eta Ikuskariordetza Kidegoetarako oposizioak, Lan eta Enplegu Sailaren bekei esker

0

Idoia Mendiak zuzendutako sailak lehen aldiz deitu ditu zerbitzu publiko horretan lanpostua eskuratzeko aukera-berdintasuna bermatzeko, eta legealdi honetan indartu egin da

Idoia Mendia Lehendakariordeak zuzendutako Lan eta Enplegu Sailak lau beka esleitu dizkie beste hainbeste pertsonari, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza eta Ikuskariordetzako kidegoetarako oposizioak prestatu ahal izan ditzaten. Deialdi honen bidez, langileen eskubideak bermatzen dituen zerbitzu publiko horri legegintzaldi honetan emandako indartzean sakondu nahi da.

Hiru urtetan banatutako 79.200 euroko zuzkidurarekin, deialdi honen helburua da zerbitzu horretarako oposizioetara sartzeko aukera-berdintasuna bermatzea, hainbat urtetan dedikazio handia eskatzen baitute eta, horregatik, baliabide ekonomiko gutxien dutenek dedikazio horri uko egitea eragin baitezake.

Beka horien bidez, azken legealdi honetan egindako apustua osatu nahi da. Izan ere, 15 plaza berri sortu dira, 10 Ikuskaritzakoak eta 5 Ikuskariordetzakoak, eta horrek suposatzen du % 23,43 gehiago direla 2020an zeudenak baino (64). Hala ere, lanpostu batzuk huts geratzen dira, eta horiek ezin dituzte bete probak gainditu ez dituzten pertsonek. Laguntza ekonomikoen bidez, lanbide-helburuak kidego horietara bideratzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonak motibatu nahi dira.

Sartzeko baldintzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren, eta, horien artean, eskatzailearen mendeko pertsonek urtean 75.000 euro garbiko diru-sarreren muga izatea zegoen, edo 10.000 euro garbikoa urtean, diru-sarrera propioen mende egonez gero. Diru-sarreratzat hartu dira bai lan-etekinetatik eta/edo jarduera ekonomikoetatik eratorritakoak, bai kapital higiezin eta higigarrietatik eratorritakoak. Era berean, irabazizko eskualdatzeetatik eratorritako ondare-irabaziak zenbatu dira.

Laneko Ikuskaritza aurreko legegintzaldian hasi zen indartzen; lau urte horietan 6 lanpostu sortu ziren, garai hartan sortu berria zen Laneko Segurtasun eta Osasun Kidegoarenak, hain zuzen ere, eta legegintzaldi honetan 15 gehiago lanpostu sortu dira. Gainera, haren lana zabaltzen duen webgune bat ireki da (https://www.euskadi.eus/euskadiko-lan-ikuskaritza/web01-a2inspec/eu/), lehen Plan Estrategikoa egin da, eta tresna berriak sartu dira, zerbitzu hori garatzen dutenen mugikortasuna eta konektibitatea errazteko, prozesuak bizkortze aldera.