Euskalmetek eguraldi aldakorra iragarri du Urtezahar eta Urteberri egunetarako

0

Ez da aurreikusten izotzik egingo duenik, eta euri pixka bat espero da abenduaren 31rako eta haize-bolada zakarrak ageriko lekuetan urtarrilaren 1erako

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak eguraldi aldakorra iragarri du Urtezahar eta Urteberri egunetarako, Penintsularen iparraldea ukituko duen fronte hotz bat iritsiko dela ikusita. Horrela, euri txikia espero da abenduaren 31ko ordu zentraletan, eta haize-bolada zakarrak ageriko lekuetan urtarrilaren 1erako.

Euskalmeten arabera, abenduaren 31n zerua lainotuta egongo da goizean goizetik, eta prezipitazio ahulak, han-hemenka moderatuak, izango dira, batez ere eguneko ordu zentraletan, eta gauean atertzen joango da.  Tenperatura minimoak 5 eta 10 ºC artekoak izango dira, eta ez dago, beraz, izotza egiteko probabilitaterik.

Gainera, urteko azken eguna hego-mendebaldeko haize parrastatsuarekin hasiko da, eta goizean zehar mendebaldera edo ipar-mendebaldera aldatuko da, eta kostaldean bolada zakarrak izan daitezke. Orduek aurrera egin ahala, gauean, hego-haize leuna nagusituko. Horrela, tenperatura maximoak 13-16 ºC ingurukoak izan litezke isurialde kantauriarrean eta 10-12 ºC ingurukoak EAEko gainerako lurraldeetan.

Urteko lehenengo egunari dagokionez, berriz ere hego-mendebaldeko haizea nagusituko da, eta bolada zakarrak izango dira lurraldeko ageriko lekuetan.  Gainera, zerua lainotuta egongo da, eta erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira. Litekeena da egunaren zati handi batean, gauera arte behintzat, prezipitaziorik ez izatea, eta une horretatik aurrera euri pixka bat egin dezake.

Tenperaturek ez dute aldaketa handirik izango. Tenperatura minimoak zertxobait jaits daitezke eta 4-9 ºC inguruan ibiliko dira; eguneko tenperaturak barnealdean 11-14 ºC inguruan biliko dira eta kostaldean 15-16 ºC inguruan.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta X kontuaren (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.