Garamendi: «Ez dugu animalien ongizateari buruzko Legearen aurkako helegiterik jarriko, Estatuak eskumenen urraketak zuzendu dituelako»

0

Eusko Jaurlaritzak ez du konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsorik aurkeztuko Konstituzio Auzitegian animalien eskubideak eta ongizatea babesteko Legeari buruz, Estatuak Aldebiko Lankidetza Batzordean egitea erabaki duen jarduerekin ase dagoela iritzita. Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik ekainean iragarri zuen errekurtsoa jarriko zuela eskumenak urratzeagatik eta legeak euskal arauak garatzeko gaitasuna murrizten zuelako.

Hainbat hilabeteko negoziazioaren ondoren, bi administrazioek desadostasunak itxi dituzte, eta, horrela, Euskadik helegitearekin aurrera ez jarraitzeko asmoa duela jakinaraziko dio Auzitegiari, aldaketekin euskal eskumenen babesa bermatzen dela uste baitu. Akordioa gaur itxi da Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak eta Garamendi Sailburuak sinatuta.

Estatuak hainbat ñabardura egin ditu Gernikako Estatutuan esku sartzeak saihesteko eta bere eskumenen egikaritzan urrunegi ez joateko. Ildo horretan, eskumenen inbasioa zuzentze aldera, Estatuko arau berri bat  ezartzeko konpromisoa hartu du.

Informazio eta publizitatearen aldetik datuen zentralizazioa bermatze aldera Estatu mailan erregistro bakarra sortzeari buruzko zenbait artikulutan ematen da aipatu esku-sartzea. Halaber, beste hainbat artikulutan ere Euskadiko gaitasunetan esku-sartzeak ematen dira, horiek betetzea nahitaezkoa dela ezartzen baitute.

Estatuko Administrazio Orokorrak arau-xedapen bat sustatuko du, eta xedapen horrek ezarriko du erregistroen erregulazio zentralizatua (konpainietako animaliena, hazleena eta babes-erakundeena, besteak beste) autonomia erkidegoetako erregistroek transmititzen diotenaren dibulgazio asmoa baino ezin duela izan interpretatzeko moduan. Ildo horretan, argi eta garbi ezarriko du erregistroak autonomia erkidegoen titulartasun eta kudeaketa osokoak izango direla, haien betearazpen eskumenen esparruan.

Gainera, Estatuko nahitaezko neurrien erregulazioak orientagarriak izango dira, eta legedi autonomikoak kasu bakoitzean hala ezartzen duenean bakarrik lotuko dira.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik ontzat jo du akordioa, eta azaldu du Eusko Jaurlaritzak ez duela errekurrituko «animalien eskubideak eta ongizatea babesteko Legea, Estatuak eskumen urraketak zuzendu dituelako euskal eskumenak errespetatze aldera».

Honetan ere eskumenen esku-sartzea eman dela eta Estatuko legearen gehiegizko zehaztasunak Euskadiri arlo horretan dagokion arau-garapenerako eskumena zaildu eta murrizten duela azaldu ondoren, «etengabe erne eta jagole gaudenez, Estatuaren eskumen inbasioak saihesten ditugu, kasu honetan animalien ongizateari buruzko legearekin gertatu den bezala», nabarmendu du Garamendik.

Sailburuak gaineratu duenez, Legeak autonomia erkidegoei aginduak ematen dizkie, eta horrek zalantzak sortu eta segurtasun juridikoaren printzipioa urratzen du. «Espero dut Espainiako Gobernuak animalien ongizateari buruzko Legean gure eskumenak babesteko hartutako erabaki hau agertoki berri baten hasiera izatea», adierazi du Garamendik.