Garraio Sailak Loiolako Erriberetako trukagunearen eraikuntza-proiektua lizitatu du

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen ETS erakunde publikoak Loiolako Erriberetako trukagunearen eraikuntza-proiektuaren lizitazioa egin zuen atzo, milioi bat euro inguruko aurrekontuarekin (1.050.000 €) eta 24 hilabeteko epearekin. Plan horri esker, geltoki baten bidez konektatu ahal izango dira Euskotrenek ustiatutako Topoaren linea eta Renfek operatutako Aldirietakoa.

Lanen aurrekontu orokorra 36 milioi eurokoa da (BEZ aparte). Proiektuaren hainbat inplikazio direla eta, joan den maiatzean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adifek eta ETSk lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmen horrek hiru erakundeen finantzaketa barne hartzen zuen aurrekontuaren % 33ko ekarpena egiteko, hau da, 12 milioi euro bakoitzak.

Jarduketaren eremua Euskotrenek, Adifen linearen gainean, Loiolako Erriberetan operatutako linearen bidegurutzean dago, Zorroaga pasealekuaren kanpoko ertzean, Amara Berri auzoaren ekialdeko muturrean eta bizitegi-garapen berriaren hegoaldean. Gaur egun, Topoa Renferen linearen gainean perpendikularrean gurutzatzen den arren, ez dago ez geltokirik ez geralekurik bi trenbide-lineetan.

Garraio Sailak bultzatutako proiektuaren arabera, Loiolako Erriberetan egongo den azpiegitura berriak Euskotrenen eta Renferen aldirietako erabiltzaileen mugikortasunari erantzungo dio eta erraztu egingo du. Horrela, lotu egingo dira Gipuzkoako trenbide-garraioaren bi ardatz nagusiak.

Trukagunea egiteko, eraikin bat altxatzea aurreikusi da. Horren ondorioz, Topoaren egungo trenbideak ekialderantz lekualdatuko dira, eta Zorroaga pasealekua mendebalderantz mugituko da. Nasak alboetan proiektatu dira ETSri dagokion trukagunearen zatirako, bai eta Adifi dagokion zatirako ere. Geltoki berria gainazalean egongo da.

Trukagune berriak, halaber, Adifeko trenbideen zati bat estaliko du nasa berrietan zehar, geltokiari argia eta aireztapena emateko, bai eta horietarako bigarren sarbide bat ere, Bartzelona etorbidetik.

Trukagunea osatu ondoren, geltoki osoa argi eta garbi bereizitako bi partez osatuta egongo da: alde batetik, azaleran, ETSri dagozkion nasak eta instalazioak, eta, bestetik, lurpean, Adifen Aldiriko trenbidearen nasak eta instalazioak. 

Atarirako sarbide nagusia Zorroaga pasealekuaren ekialdeko espaloitik egingo da, eta handik ETSko nasetara igoko da eskaileren eta igogailuen bidez, edo Adifen nasetara jaitsi igogailuen eta eskailera finkoen bidez. Adifen nasetara bigarren atari batetik ere sartu ahal izango da, Bartzelona etorbidetik.