Barakaldoko Udaltzaingoak zaintza-dispositibo berezia jarriko du abian Gabon Zahar Gauean

0

Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotzi Angel Madrazok jakinarazi duenez, Udaltzaingoak zaintza-dispositibo berezi bat jarriko du martxan Gabon Zahar gauean, hogei bat agentek osatua. Dispositiboa goizaldean hasiko da eta urtarrilaren 1eko 14:00ak arte luzatuko da. Helburua pertsona guztien segurtasuna bermatzea da, batez ere ostalaritzako aisialdi-guneetan eta inguruetan.

Ostalaritza-lokalak ixteko ordutegia betetzen dela zaintzeaz gain, agenteak jende gehien biltzen den eremuetan egongo dira, eta garbiketa-zerbitzuei estaldura emango diete, hondakinak biltzeko eta garbitzeko lanak inolako istilurik gabe egin ditzaten.

«Inoiz istiluak izan dira, norbaitek garbiketa-zerbitzuko langileei errieta egin dielako, oro har edari alkoholdunen eraginpean daudenei, eta, horregatik, dispositiboaren zati bat garbiketa-zerbitzuko langileen segurtasuna bermatzera bideratuta dago», azaldu du Madrazok.

Dispositiboaren ordutegia luzatzeari dagokionez, zinegotziak azpimarratu du Ikuskizun Publikoei buruzko Legeak eta bere araudiak baimentzen dituzten Gabonetako ordutegi-luzapenen ondorioz 4. taldeko lokalek 08:00ak arte iraun behar dutela ixteko orduan. «Azken urteotan, gainera, beste udalerri batzuetatik garraio publikoan Barakaldora itzultzen ziren pertsonen istilu isolatuak gertatu dira. Dispositibo bereziaren ordutegia luzatuta, edozein motatako gertakariak prebenitu eta hilaren 1ean edozein motatako jarduera fisikoa edo kirola egitera irteten diren pertsonen segurtasuna bermatu nahi da «, azaldu du.

TRAFIKO-MOZKETAK 2023ko SAN SILVESTRE EGUNEAN

Angel Madrazok jakinarazi du, halaber, San Silvestre 2023 lasterketa dela eta, bihar, igandea, 12:00etatik 13:00etara, trafikoa etengo dela udalerriko hainbat tokitan.

Aurten lasterketa eguneko ordutegian egingo da, 10:30etik aurrera hasiko da adingabeentzat eta adin nagusiko korrikalarientzako irteera 12:00etan izango da.

Helduentzako lasterketa Herriko Plazatik abiatuko da, honako ibilbide hau eginez: Foruen Pasealekua – Bide Onera plaza – Askatasunaren Hiribidea – Muguruza Bira kalea, Miranda etorbidea – San Bizente kalea – Eguzkiagirre kalea – Errekatxu kalea – San Bartolome kalea – Arteagabeitia kalea – Eguzkiagirre kalea Ramon Rubial Cavia Lorategi Botanikoa inguratuz Gernikako Arbola – Landaburu plaza – Bide Onera kaleraino, eta Foruen Pasealekua amaitzeko Herriko Plazan helmugaraino.

Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak gogorarazi duenez, probak irauten duen gehienezko orduan, pasatzen den kaleetarako sarbideak mugatuta egongo dira, eta kasuren batean erabat moztuta, parte-hartzaileak harrapatzeko arriskurik ez izateko. «Jaieguna izanik, zirkulazioan dauden ibilgailuen kopurua txikiagoa da. Hala ere, auzotarrei gomendatzen zaie ibilaldiaz bestelako ibilbideak aukeratzea edo aurreikusitako etenaldien ordutegia kontuan hartzea, eta udalerrirako irteera edo sarrera aurreikuspenetik kanpoko beste ordutegi batera egokitzea.