Gazteok, atrebentziaz! Euskadiko gazteen aldeko ituna, gazteekin eta gazteentzat

0

 

5.598 gaztek hartu dute parte online kontsultan, itunak jaso beharko lituzkeen gaiak zehazteko.

2023ko urriaren 3tik azaroaren 3ra bitartean, online kontsulta bat egin zaie 15 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteei, Euskadiko gazteen aldeko itunak izan behar dituen edukiei buruz duten iritzia jasotzeko.

Kontsulta hori Eusko Jaurlaritzak 2023ko martxoaren 21ean onartutako Gazteen Emantzipazioa Bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategiaren barruan sartzen da. Zehazki, Plan horren X. proiektu eragileari erantzuten dio. Proiektu horrek gazteriaren arloko itun bat bultzatzea planteatzen du. Belaunaldien arteko ekitatearen araberako ituna, gizarte osoaren inplikazioa eta gazteen partaidetza eta lidergo nabarmena eskatzen dituena.

Txosten honek kontsultaren lehen fasearen emaitzak biltzen ditu. Kontsulta horrek Euskadiko gazteen aldeko itun batek landu behar dituen gaietan sakondu du, hura egiten parte hartu behar duten pertsonei buruz galdetu du, eta, galdera irekien bidez, 15 eta 29 urte bitarteko gazteek gainerako gizarteari zer eskatzen dioten eta gizarteari zer eskain diezaioketen jasoten du.