Lehiaren Euskal Agintaritzak Euskadiko oinarrizko erosketa-saskiko elikagaien prezioak aztertu ditu

0

 

Azterketak 2021eko urtarriletik 2023ko abuztura bitarteko aldia hartzen du, inflazioak markatuta egon dena, eta igoerak gertatu diren balio-katearen faseak aztertu ditu; kasu gehienetan, produkzio-fasean gertatu dira.

Esnea (% 49,5) edo arrautzak (% 42) bezalako elikagaietan igoera handia izan dela egiaztatu den arren, ez da lehiaren aurkako portaerarik identifikatu. 2022a prezioen igoerarik handiena izan duen urtea izanik, arrazoi nagusia Ukrainan gerra hasi izana izan dela ondorioztatu da.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) txosten bat argitaratu du Euskadin 2021eko urtarriletik 2023ko abuztura bitartean oinarrizko elikagaien prezioek izan duten bilakaerari buruz, inflazio-aldi bat izan baitzen bertan. Horrek kontsumitzaileen erosteko ahalmena murrizten du, eta, kasurik onenean, horien kontsumo-ereduak produktu eskuragarriago edo kalitate txikiagokoetara aldatzera behartzen ditu, eta, okerrenean, elikadura osasungarri eta orekatu bat izatea zailtzen die.

«Gerta daiteke enpresa batzuk inflazio-aldiaz baliatzea lehiaren aurkako estrategietan erortzeko edo irabazi-marjinak kostuen igoeraren gainetik handitzeko», dio txostenak. Horregatik, LEA/AVCk beharrezkotzat jo du «prezioen etengabeko jarraipena egitea eta ikusitako igoeren atzean egon daitezkeen arrazoiak aztertzea. Lehiaren zeregina funtsezkoa da balio-katean zehar kostuak azken prezioetan modu justuan islatuko direla bermatzeko, gainkostuak saihestuz eta azken kontsumitzaileei mesede egingo dieten eraginkortasunak sustatuz». Erakunde autonomoak dagoeneko argitaratu ditu estrategikotzat jotzen duen sektore honekin lotutako beste txosten batzuk.

Orain argitaratutako azterlanak 2021etik 2023ra bitartean Euskadin hautatutako elikagaien prezioen aldakuntza aztertzen du. Gainera, horien ekoizpenaren balio-katearen fase desberdinak (ekoizpena, eraldaketa, handizkako banaketa eta txikizkako banaketa) eta beste faktore batzuek, Ukrainako gerra bezalako «shock» makroekonomikoetatik haratago, bertan nola eragin duten ere aztertzen du.

Horretarako, metodologia kuantitatiboak eta kualitatiboak konbinatzen dituen ikuspegi mistoa erabili du azterlanak. Bestalde, analisirako elikagaien hautaketa (arrain freskoak, ogia, txarkuteria, behi-okela, hegazti-haragia, arrautzak eta esnea, Euskadiko kontsumo-saskiaren diru-balioaren % 50 baino gehiago osatzen dutenak) bi irizpide nagusitan oinarritu zen: produktu horiek euskal familien kontsumo-saskian duten garrantzian eta ECOICOP (European Classification of Individual Consumption by Purpose) sailkapenean duten adierazgarritasunean.

% 18 eta % 50 arteko igoerak

Azterlanaren arabera, hautatutako elikagaien kontsumoko prezioen indizea (txikizkako banaketa) % 18 eta % 50 artean igo zen Euskadin. «Antzekoak badira ere, zifrak Espainia osoan ikusitakoa baino pixka bat txikiagoak dira». Zehazki, aztertutako aldian hazkunderik handiena izan duen produktua esnea izan da (% 49,5). Ondoren, arrautzak (% 42) eta, urrunago, behi-okela (% 23,2), ogia (% 19) eta hegazti-haragia (% 18,9). Hazkunderik txikiena arrain freskoak eta izoztuak izan dute (% 18,2).

Balio-katea, oro har, kontuan hartuta, patroi ohikoena ekoizpen-fasean izandako igoera handia da, zeina pixkanaka gutxitzen doan txikizkako banaketa-fasera iritsi arte. Salbuespenak daude, hala nola arrainaren handizkako banaketa-fasean, non txikizkako banaketa-fasean erregistratutakoak baino hazkunde txikiagoak ikusten diren; arrautzen eraldaketa-fasean aurreko fasean baino askoz handiagoa izan da igoera; eta esnearen txikizkako banaketa-fasean, eraldaketa-fasean izandakoa baino igoera handiagoa ikusten da. Hala ere, anomalia horietako bat ere ezin izan da lotu lehiaren aurkako jokabideekin.

Aztertutako aldiari dagokionez, aukeratutako elikagaien prezioak gora egin du oro har 2021etik 2023ra bitartean, baina zenbait elikagaik, hala nola ogiak edo behi-okelak, 2021etik egin dute gora. Hala ere, kausa posibleak aztertuta, azterlanak azpimarratzen du, oro har, 2022an izan dela igoera handiena. Ondorioztatzen du, beraz, Ukrainako gerraren hasierak lehengaien eta energiaren prezioetan eragindako igoera izan dela ekoizpen-, eraldaketa- eta banaketa-prezioen igoeraren arrazoi nagusia, eta igoera horiek, kasu askotan, ez zutela aurrekaririk.

2023ari dagokionez, dokumentuaren arabera, kasu gehienetan inflazio-joera moteldu egin da, produktu batzuen prezioak egonkortu egin baitira, baita jaitsi ere. Hala ere, beste batzuek, hala nola txarkuteriak edo esneak, gora egiten jarraitu dute, modu neurrizkoagoan bada ere. Estatu mailako prezioek oso antzeko bilakaera izan dute, eta horrek, txostenaren arabera, prezioen igoera baldintzatzen duen faktore nagusia maila makroekonomikoan izatea babesten du, Ukrainako gatazkaren hasiera bezalako gertakariekin.

Txosten osoa eskuragarri dago esteka honetan.

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.