Glutenak hestean eragiten duen inflamazioa ekiditen du konposatu natural batek

0
PRUEBA

UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko Ainara Castellanos Ikerbasque ikertzaileak gidatutako lan batean frogatu dute salbia landareetatik erauzten den azido salbianolikoak gaitasuna duela hesteetako zeluletan glutenak eragindako hantura murrizteko, eta ez duela albo-ondoriorik eragiten. Emaitzek estrategia terapeutiko berriak zabaltzen dituzten arren, eritasun zeliakoaren beste alderdi batzuk ikertu behar dira oraindik.

Eritasun zeliakoa hanturazko nahasmendu autoimmune kroniko bat da, heste meharrari eragiten diona bereziki; glutenak (zeina zerealetan aurkitzen den proteina-nahastea baita) eragiten du, eta genetikoki sentikorrak diren pertsonek garatzen dute. Bizitza osorako glutenik gabeko dieta zorrotza hartzea da gaur egun dagoen tratamendu eraginkor bakarra. Baina dieta hori betetzea ez da batere erraza, eta arazoak sor litezke; beraz, behar-beharrezkoa da terapia lagungarriak aurkitzea.

Gut aldizkari zientifiko garrantzitsuan argitaratutako artikulu baten arabera, UPV/EHUko ikertzaile batzuek frogatu dute hesteetako zeluletan glutenak eragiten duen hantura murrizteko gaitasuna duela konposatu natural batek, eta, itxura batean, ez duela batere albo-ondoriorik eragiten.

Duela pare bat urte, Glutenak RNAn aldaketak eragin ditzakeela aurkitu zuten Euskal Herriko Unibertsitateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzaile batzuek, Ainara Castellanos Ikerbasque ikertzailea buru zutela. Orduan, ikusi zuten gizakiek glutena kontsumitzean aldatu egiten dela gene jakin baten RNA, horren ondorioz XPO1 proteina gehiago sortzen dela, eta hestearen hantura areagotzen. Ikerketa hark eritasun zeliakoa eta hesteetako beste hantura-gaitz batzuk tratatzeko aukera berriak zabaldu zituen, itu terapeutiko berriak deskribatu baitzituen (esate baterako, XPO1 eta RNAren aldaketan parte hartzen duten proteinak).

Hain zuzen ere, ikerketa hartatik abiatuta, ikertzaileek ikusi dute azido salbianolikoak XPO1 proteinaren sorrera inhibitzen duela eta, hala, “inflamazio-prozesua eten egiten dela”, adierazi du Castellanosek. “Zeluletan ikusi dugu glutena jartzen dugunean konposatu horrekin batera inflamazioa jaitsi egiten dela edo ez dela igotzen”, azaldu du. Saguekin ere probek oso emaitza positiboak eman dituzte, eta, azken pausoan, “dieta hertsia egiten ari ez ziren gaixo zeliakoen heste-laginak tratatu ditugu azido salbianolikoarekin, eta ikusi dugu konposatu hau gehitzean inflamazioa jaisten dela heste-laginean bertan”.

Konposatu naturala

Azido salbianolikoa salbia landaretik erauzten den konposatu naturala da; oso ohikoa Txinako dietan, infusio gisa hartzen baitute. Positibotzat jotzen du hori Castellanosek: “Berez badakigu ez daukala albo-ondoriorik; naturala da, landaretik ateratzen da, ez da sintetizatu behar. Efektu antiinflamatorioak dituen konposatu natural bat bada, dietan gehitu daitekeen zerbait da”.

Ikertzailea oso pozik dago aurkikuntzarekin, baina zuhurtziaz adierazi du: “Ez dakit tratamendu izatera iritsiko den, gure inguruan gluten ugari kontsumitzen baita, baina ziur nago dietako osagarri lagungarria dela. Gaur egun eritasun zeliakorako hainbat gai testatzen ari dira, eta, baliagarri badira, haiekin konbinatuta urrats handiak egin ahal izango ditugu”.

Castellanok adierazi duenez, oraindik beharrezkoa da eritasun zeliakoaren beste bide konbentzional batzuk arakatzea ikerketa honetan aurrera egiteko, baina “bidea zabaltzen du eritasun zeliakorako eta hesteetako beste hantura-gaitz batzuetarako —hala nola Crohnen gaixotasuna eta kolitisa— estrategia terapeutiko berriak garatzeko eta ikerketak abiarazteko”.

Oinarrizko ikerketaren aldeko aldarria egin nahi du ikertzaileak; izan ere, “oinarrizko ikerketa batetik abiatu ginen, zeinetan hasi baikinen aldaera genetiko bat deskribatzeko mekanismo molekularrak bilatzen, eta gai izan gara, ez paziente-mailan, baina bai zelula-mailan, tratamendu izatera irits litekeen aurkikuntza bat frogatzeko”. Gainera, Castellanosek nabarmendu nahi du ikerketa hau nazioarteko lankidetza baten fruitua dela: “Guk eritasun zeliakoari buruzko jakintza dugu; beste batzuek RNAri buruzkoa; beste batek sagu-ereduak dauzka, eta beste batek konposatuaren eta ehunen laginak eman dizkigute… Gauza handiak egiteko garrantzitsua da alde desberdinen jakintza biltzea”, esanez amaitu du.

Erreferentzia bibliografikoa

Ane Olazagoitia-Garmendia, Henar Rojas-Márquez, Maria del Mar Romero, Pamela Ruiz, Aloña Agirre-Lizaso, Yantao Chen, Maria Jesus Perugorria, Laura Herrero, Dolors Serra, Cheng Luo, Luis Bujanda, Chuan He, Ainara Castellanos-Rubio
Inhibition of YTHDF1 by salvianolic acid overcomes gluten-induced intestinal inflammation
GUT
DOI: 10.1136/gutjnl-2023-330459