Sarritan, ezohiko ontasunez betetako ekintzak ikusten ditugu: bueltan ezer espero gabe ematen duten pertsonak edo besteei laguntzeko arriskatzen direnak. “Edertasun moraleko” ekintza horiek ikustean, zerbait gertatzen zaigu: hunkitu egiten gara, gizateriarekiko harrotasuna berpizten zaigu eta altruistagoak edo eskuzabalagoak izatera animatzen gaitu, baita aurreiritziak alde batera uztera ere. Funtsean, jokabide prosoziala sustatzen du.
Ezusteko ontasun ekintza horien aurrean ditugun erreakzio horiei “goratze morala” deitu zien Jonathan Haidt psikologo estatubatuarrak. Besteei on egiten dieten ontasun ekintzen lekuko izateak sortzen duen emozioa izango litzateke “goratze morala”. Orain, Ion Yarritu Corralesek, Bilboko Hezkuntza Fakultateko psikologiako ikertzaileak, beste pauso bat eman du: jokabide prosoziala sustatzeaz gain, goratze moralak besteekiko dugun pertzepzioa hobetu dezakeela frogatu du.
Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko ikertzaile honek Journal of Positive Psychology aldizkarian argitaratutako azterlan batean frogatu duenez, pertsonak goratze moral horretara eramateak aldaketa bat eragiten du pertsona horiek besteen jokabidea epaitzeko duten moduan. “Orokorrean, besteen ekintzak, batez ere, ekintza egiten duen pertsonaren ezaugarri pertsonalen emaitza direla uste izaten dugu. Ez ditugu aintzat hartzen pertsona hori modu horretan jokatzera bultza dezaketen testuinguruko zirkunstantziak”, adierazi du Yarrituk. “Adibidez, –jarraitu du– pentsa dezagun gidatzen ari garela eta ondoko bideko autoa gure gainera etortzen dela; ondorioz, balazta gogor zapaldu behar izan dugu, eta gero azeleratu egin dugu, bistatik galdu dugun arte. Egoera horretan, maniobra arriskutsu hori pertsonari berari egoztea izaten da ohikoena (gidari txarra da), eta, askotan, haren familiarekin ere oroitzen gara. Aitzitik, gutxitan edo inoiz ez dugu pentsatzen pertsona horrek agian beste zirkunstantzia batzuen ondorioz jokatu duela horrela (agian norbait ospitalera zeraman, larri). Fenomeno horri “elkarrekikotasun alborapena” esaten zaio, eta goratze morala sentitzeak murriztu egiten du alborapen hori”, ondorioztatu du.
Goratze moralerako esku hartzeak
Ondorio horretara iristeko, Yarritu doktoreak hiru ikerketa egin zituen unibertsitateko ikasleekin. Azaldu duenez, honakoa deskubritu zuen ikasleekin: “Goratze morala eraginez gero, ikasleek neurri txikiagoan izaten dute alborapen kognitibo hori eta, pertsona baten jokabidea epaitzeko orduan, aintzat hartzen dituzte pertsonaren ezaugarriak zein zirkunstantziak”.
Ikerketarako, partaideen lagina hainbat taldetan banatu zuen, aztergaiaren arabera: talde bati goratze morala sentiarazi zion, pertsona anonimo batek egindako ontasun ekintzen proiekzio batzuen bidez; gainerakoak kontrol taldeak ziren, eta karga emozionalik gabeko bideoak edo bideo dibertigarriak erakutsi zizkien. Ondoren, taldeen puntuazioak alderatu zituen, elkarrekikotasun alborapenari dagokionez, eta goratze moraleko taldean alborapena txikiagoa zela ikusi zuen.
Yarrituren arabera, “ikerketa honen emaitzek ateak irekiko dituzte goratze moralean oinarritutako esku hartzeak diseinatzeko, hau da, bestearen gaineko ikuspuntu atseginagoa sustatzen duten eta, hala, jokabide prosoziala indartzen duten esku hartzeak”. Ikertzaileak aurreratu duenez, goratze moralean oinarritutako hainbat esku hartze berrikusiko dituen tesi bat zuzentzea aurreikusten du. Gainera, ezaugarri horiek dituen esku hartze bat diseinatuko dute, nerabeekin martxan jartzeko. “Izan ere, etapa egokia da jokabide prosoziala sustatzeko”, azaldu du.
Halaber, beste ikerketa bat argitaratuko du laster Yarrituk. Goratze morala eragiteko duen potentzialagatik aukeratutako bideo baten aurrean nerabeek dituzten erreakzio emozionalak aztertuko ditu ikerketa horrek. “10 eta 15 urteko gazte hauek, dagoeneko, goratze moral hori (benetan konplexua) sentitzeko adinako garapen kognitiboa eta morala dituztela ikusi dugu. Arlo honetan ikertzeko dago dena, eta berritzaileak izaten ari gara”, azaldu du.