Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak joan den abenduaren 10ean 75 urte bete zituen, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Konpromiso eta Eragin Sozialeko zuzendaritzak, EHUgunek, ekitaldi berezi bat antolatu zuen non Pedro Arrojo (edateko uraren eta saneamenduaren giza eskubideei buruzko Nazio Batuen errelatore berezia) izan zen gonbidatu nagusia. Eva Ferreira errektoreak eta Jon Mirena Landak (UPV/EHUko UNESCO Katedraren zuzendaria) lagunduta, Giza Eskubideak, batez ere, legezko betebeharrak direla azpimarratu zuen, eta ez soilik onginahizko adierazpenak. «Ez dira karitate gisa ulertu behar, pertsona guztien eskubideak dira eta».
Nazio Batuen eremuan lan egiten duen arloari dagokionez, Arrojok azaldu zuen edateko ura eskuratzeko arazo nagusia ez dela nahitaez eskasia. Egia esan, bere kalitatea da zalantzan jartzen dena, planetako ozeanoek eta ibaiek jasaten duten tratu txarragatik. Ondasun komun bat dira, eta inor ez da horretaz jabetu behar, baina 2.000 milioi pertsonak pairatzen dute ur gabezia. “Uste denaren kontra, oro har ez dira pertsona egarrituak, interes pribatuek kutsatutako edo bereganatutako akuiferoetatik eta ibaietatik gertu bizi diren pertsona pobretuak baizik. Ura izateko giza eskubidea bermatzeak, batez ere, gure ibaien osasun ona bermatzea eskatzen du. Horregatik, planeta urdinean edateko ura eskuratzea ez da eskasia arazorik: kudeaketa da problema».
Ekitaldian Guillermo Quindos, Garapen Zientifiko-sozialeko eta Transferentziako errektoreordea, eta David Hoyos, Konpromiso eta Inpaktu Sozialeko zuzendaria, egon ziren. Giza Eskubideetan aditua den Maitena Salinas kazetariak solasaldia moderatu zuen, eta Gernikako Audience taldearen kontzertu batekin amaitu zen.