Pirinioetako ibaien emaria % 15 murriztera irits liteke 2040an

0
PRUEBA

CSICek (Consejo Superior de Investigaciones Científicas) koordinatuta eta Frantziako, Andorrako eta Espainiako hainbat erakunderekin lankidetzan garatutako PIRAGUA proiektuak Pirinioetako eta haren eskualdeetako (Euskadi, Nafarroa, Aragoi, Katalunia, Andorra, Akitania Berria eta Okzitania) ur-baliagaiek gaur egun duten egoera eta etorkizunekoa aztertu ditu klima-aldaketaren ikuspegitik, eta haiek kudeatzeko egokitzapen-neurriak proposatu ditu. Ikerketarekin lotutako bi monografia aurkeztu dituzte.

Pirinioetako ibaiek gero eta emari txikiagoak izango dituzte, eta urteko ur-ekarpena % 15 murriztera irits daiteke 2040an, eta % 20tik gora mende amaieran. “Horrekin batera, urtarokotasuna gero eta markatuagoa izango da, agorraldi luzeago eta biziagoekin”, adierazi du Ane Zabaleta Prozesu Hidro/Ingurumenekoen Ikertaldeko kideak. Horixe da PIRAGUA nazioarteko proiektuan egindako ikerketaren ondorio nagusietako bat, zeinaren bidez egiaztatu baitute azken hamarkadetan ur-baliagaiak pixkanaka murriztuz joan direla. Ikerlanean parte hartu du Euskal Herriko Unibertsitateko Prozesu Hidro/Ingurumenekoen Ikertalde kontsolidatuak —zeina Iñaki Antiguedad UPV/EHUko Hidrogeologiako katedradunak zuzentzen baitu—, Bidasoako ibai-arroa ardatz harturik (Nafarroan).

Frantzia, Espainia eta Andorrako zenbait ikerketa-erakundek Interreg POCTEFA 2014-2020 programaren barnean osatutako nazioarteko partzuergo batek egin duen ikerketaren emaitzak jaso dituzte, espainieraz eta frantsesez aurkezten diren bi argitalpenetan. Lehen liburukiak Pirinioetako ur-baliagaien egungo eta etorkizuneko egoera aztertzen du, eta bigarrenak, berriz, klima-aldaketara eta ur-baliagaien gaineko eskari hidrikoen aldaketen kudeaketara egokitzeko neurriak proposatzen ditu.

Ibaien erregimen naturaleko emari-datuen azterketak erakusten du azken hamarkadetan ur-baliagaien adierazle guztien beherakada orokorra gertatu dela. Aldaketa horiek arrazoi klimatikoengatik (batez ere tenperaturen igoera, prezipitazioen bilakaerak ziurgabetasun handiagoa erakusten baitu) eta lurzoruaren erabileran izandako aldaketengatik gertatu dira, batez ere mendietan nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak bertan behera uztearen ondorioz baso-estalkia handitu delako. Bestalde, etorkizuneko proiekzio klimatiko askoz elikatutako simulazio-modeloek erakusten dute datozen hamarkadetan Frantziako isurialdeko ibaien ur-emariek izango dutela beherakada nabarmenena, nahiz eta hegoaldeko isurialdean ere jaitsierak egongo diren, batez ere erdialdean eta ekialdean.

Urtaro-mailan, elur-urtzearen ondoriozko ur-emari altuak aurreratu egin dira denboran, eta agorraldiak gero eta luzeagoak eta nabarmenagoak izan dira. Alde horretatik, simulazioek erakusten dute elur-prezipitazioa nabarmen murriztu dela, eta ur-emarien sorreran elur-urtzeak duen pisu erlatiboa murriztu dela.

Ur-emariak murrizteko arrazoi nagusietako bat da Pirinioetako lurraldeko urteko tenperatura batez beste igo egin dela, hamarkada bakoitzeko 0,8 °C igo baita 1981-2010 bitartean. Tenperaturaren igoera are nabarmenagoa izan da Pirinioen erdialdean (Gállego, Cinca eta Éserako ibai-arroak) eta ekialdeena dagoen eskualdean, baita iparraldeko isurialdean ere, eta urtaroen arabera, igoera nabarmenagoa izan da udaberrian eta udan.

Ur-baliagaiak murriztu direla baieztatu da, eta hurrengo hamarkadetan joera hori areagotzea espero da

Aldaketa horiek mendikatearen bi isurialdeetan hautematen dira, eta baliagai hidrikoen sorrera murrizten ari dela adierazten dute. Azken hamarkadetan joera hori finkatuz joan da eta etorkizunean areagotu daiteke, baldin eta proiekzio klimatikoak betetzen badira; izan ere, XXI. mendean Pirinioetako tenperaturek goranzko joera izango dutela adierazten dute. Nazioarteko partzuergoak adierazi duenez, “modeloen emaitzek argi eta garbi erakusten dute etorkizunean Pirinioak epelagoak eta lehorragoak izango direla, eta idortasuna oro har handitu egingo dela bai espazioari bai denborari dagokienez, eskualde altuenetan izan ezik. Oro har, Pirinioetako ibaien urteko ekarpena pixkanaka txikituz joango da; areagotu egingo da mendean aurrera egin ahala, eta are okerragoa izango da emisioen agertokirik ezkorrenean”.

Prezipitazioaren analisian ez da ikusten tenperaturaren kasuan bezainbesteko aldaketa-seinale sendorik, ia ez baitago joera esanguratsurik. Prezipitazio-jaitsierarik handienak, eta esanguratsu diren bakarrak, Pirinioen erdialdean eta Bidasoaren arroan izan dira: urtean 30 mm-rainoko jaitsierak hauteman dira. Hala ere, joera positiboak ikusi dira (prezipitazioen igoera aztertutako aldian) Paueko Gave sistemaren goiko aldeetan eta erdialdeko Pirinioetan.

Egokitze-neurriak

Santiago Begueria PIRAGUA proiektuaren buruak gogorarazi duenez, Pirinioek «berebiziko garrantzia dute baliagai hidrikoak sortzeari dagokionez, mendikatearen beraren eremua gainditzen duen eremu zabalagoan eragiten baitu; izan ere, Pirinioetako baliagai hidrikoek mendipetik hedatzen den eskualde zabaleko nekazaritzarako, industriarako eta hornidurarako ur-beharrak asetzen dituzte». Gainera, «urak garrantzi ekologiko eta paisajistiko handia du», gehitu du CSICeko ikertzaileak.

Horregatik, eta erregistroen azterketaren eta etorkizuneko simulazioen emaitzak ikusita, agerian geratzen da garrantzitsua eta beharrezkoa dela Pirinioetako baliagai hidrikoen kudeaketa klima-aldaketara egokitzea, bai tokian-tokian, bai ibai-arroetan, bai mendikate osoan. Horrenbestez, orain aurkezten den bigarren liburukian, «ura» baliagaiarekin lotuta klima-aldaketara egokitzeko ekintzak identifikatu eta proposatzen dira Pirinioetako lurralderako eta haren eragin-eremurako. Hori guztia tokiko eragileekin lankidetza estuan, zeinekin zazpi azterketa-kasu egin baitziren proiektuan, eskualde bakoitzeko bat.

Neurri komunen edo zeharkakoen artean, naturan oinarritutako konponbideak nabarmentzen dira, zerbitzu ekosistemikoak (ekosistema batek gizarteari ematen dizkion zerbitzuak) mantentzera eta are indartzera bideratuak; hori dela eta, inbertsio teknologikoak egitea edo azpiegiturak eraikitzea eta mantentzea baino alternatiba jasangarriagoak, eta, batzuetan, kostu gutxiagokoak, proposatzen dira. Adibidez, erregulazio hidrologikoko zerbitzuen horniduran eragin oso nabarmena duten lurralde-sailetan lehentasun hidrologikoko eremuak ezartzea proposatzen dute ikertzaileek, eta, haien kudeaketan, ur-baliagaiak espazioaren eta denboraren arabera erabilgarri daudela bermatzea lehenetsi behar da, eta kantitate- eta kalitate-irizpideen arabera.

Funtsezko egokitzapen-neurri gisa, herritarren parte-hartzea sustatzea eta inplikatutako eragile guztiak aintzat hartzea planteatzen da, tokiko biztanleak eta ur-baliagaien erabiltzaileak direlako inplikatu nagusiak eta lurraldearen ezaugarriak eta beharrak ondoen ezagutzen dituztenak ere. «Gure ustez, ezinbestekoa da zientziaren eta gizartearen arteko elkarrizketa garatzea, Pirinioetan klima-aldaketara egokitzeko ekintza eraginkor eta partekatuak bultzatzeko», ondorioztatu du Begueriak.

Bidasoa ibai-arroaren azterketa kasuari dagokionez (Nafarroa), lurraldearen antolamenduan eta kudeaketan prozesu hidrologikoei eman beharreko garrantzia hartu da ardatz. Lurzoruaren erabilera finkatuak eta aldatzen ari diren erabilerak (naturalak edo planifikatuak) hartu dira kontuan, azken horiek aldaketa handia eragiten baitute landare-masen eta lurzoruaren egoeran. Ibai-arroan Lehentasun Hidrologikoko Eremuak mugatu dira, uraren eskuragarritasuna bermatzeko espazio-denbora eta kantitate-kalitatea kontuan harturik, ur-hornidurarako hartuneen inguruan batez ere.

Informazio osagarria

PIRAGUA proiektuaren % 65 finantzatu du Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF), Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren bidez (POCTEFA 2014-2020). Proiektuan partaide izan dira: Consejo Superior de Investigaciones Científicas estatu-agentzia (CSIC), Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS), Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Observatori de la Sostenibilitat d ‘Andorra, Institut National de Recherche pour l’ Agriculture, l ‘Alimentation et l’ Environnement (INRAE), Bureau de Recherches Géologiques et Minières (BRGM), Instituto Geológico y Minero de España (IGME), Universitat de Barcelona (UB), eta Fundació Observatori de l´Ebre (OE).

Argitalpenetarako sarbidea

Caracterización de los recursos hídricos de los Pirineos en la actualidad, y escenarios futuros. Memorias científicas del proyecto PIRAGUA, vol. 1. https://hdl.handle.net/10261/271864.

Adaptación al cambio climático en la gestión de los recursos hídricos de los Pirineos. Memorias científicas del proyecto PIRAGUA, vol. 2. https://hdl.handle.net/10261/271868.