Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2022

0
PRUEBA

Gazteen Euskal Behatokiak ‘Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2022’ izeneko txostena aurkeztu du

Seriearen txosten berri honetan hauxe aztertzen du: zenbat kostatzen zaion, teorian, soldatapeko 18 eta 34 urte bitarteko gazte bati bere kabuz emantzipatzea, etxebizitza erosten badu zein alokatzen badu.

Horretarako hamar adierazle kalkulatzen dira; adierazle horiek etxebizitza librea erosteak edo alokatzeak dakarren kostu teorikoa adierazten dute. Kostu teorikoa da, oinarritzat hartzen diren datuak batezbestekoak baitira: erosten edo alokatzen diren etxebizitzen batez besteko prezioak, gazteen batez besteko soldatak eta, erostea aukeratuz gero, hipoteka-maileguen baldintza arruntak. Beraz, egoera orokorrak aztertzen dira eta ez kasu indibidualak.

Datuak eta beraien bilakaera Euskadi osorako aurkezten dira, bai eta lurralde historiko bakoitzerako ere. Gainera, sexuaren eta adin-taldeen arabera bananduta azaltzen dira. Eta, adierazle batzuetarako, Espainia osoarekin konparatzeko datuak ere badaude.

Txostenean kontsulta daitezke 10 adierazleen balioak, haien bilakaera, nola kalkulatzen diren, erabilitako datu-iturriak edo 30 urtetik beherako gazteentzako balioak, besteak beste.

Txostenaren emaitzek hauxe adierazten dute, laburbilduz: etxebizitza librea jabetzan hartzeko kostua, hau da, 18 eta 34 urteko soldatapeko pertsona batek merkatu librean etxebizitza bat erosteko hipotekaren lehen hilekoa ordaintzeko erabili beharko lukeen hileko soldata garbiaren ehunekoa % 56,9 izango litzateke 2022an. Etxebizitza librea alokatzeko kostua, soldatapeko gazte batek alokairu errenta ordaintzera bideratu beharko lukeen soldataren proportzioa adierazten duena, % 51,9 izango litzateke 2022an. Zifra horiek gomendatutako gehienezko zorpetze-mugaren gainetik daude; muga hori soldataren % 30ean ezartzen baita.

Kolektiboen araberako azterketak alde nabarmenak erakusten ditu:

  • Gipuzkoako gazteek ordaindu behar dituzte kostu handienak merkatu librean sartuz gero, batez ere erosteko, lurralde horretan etxebizitza libreak garestiagoak direlako.
  • Adinak gora egin ahala, soldatak ere igo egiten dira, eta, beraz, etxebizitza eskuratzeko kostua txikiagoa da, bai erostea bai alokatzea aukeratuz gero, nahiz eta merkatu libreak 30 eta 34 urte bitarteko pertsonak ere etxebizitza ordaintzeko gehiegizko zorpetze-egoeran jartzen dituen.
  • Gizon eta emakume gazteen arteko soldata-desberdintasunek zailtasun handiagoak dakarzkie emakumeei bakarrik emantzipatzeko.

Azkenik, aipatu behar da Euskadiko gazteek zailtasun handiagoak dituztela merkatu librean etxebizitza eskuratzeko Espainiako gazteen batez bestekoak baino. EAEko gazteek, batez beste, soldata handiagoak dituzten arren, Euskadin etxebizitzaren prezioa handiagoa izateak emantzipatzeko benetako zailtasun handiagoak dakartza, laguntza publikoak eskuratzen ez badira.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak 2030 Euskal estrategia jarri du abian, gazteen emantzipazioa bultzatzeko.

Emantzipaziorako estrategia

Estrategian jasotako neurri zehatzetako bat Emantzipa Programa da. Programa horrek 25 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzeneko laguntza ekonomikoa ematea aurreikusten du, emantzipazio-prozesuak babesten, bizkortzen eta sostengatzen laguntzeko.

Emantzipaziorako ateak