Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatuko du biharko goizeko 6etatik aurrera

0
PRUEBA
  • Euskadin asteazken honetan abisu horia dago elur-arriskuagatik, egun osoan 400 eta 700 metro bitartean elurra egin baitezake.
  • Egoera hori dela eta, Trafikoko zuzendariak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatzea erabaki du.

Asteazken honetan, Euskadin abisu horia dago elur-arriskuagatik, elur-kota 400-700 metro bitartean egongo baita egun osoan. Badirudi prezipitazioak txikiak izango direla, zenbait lekutan ertainak, eta prezipitazio horiek egunaren lehen partean sarriagoak eta probableagoak ere izango omen dira.

Egoera hori dela eta, Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak, prebentzio moduan, Neguko Bidezaintza Plana aktibatzea erabaki du, asteazken honetako 06:00etatik aurrera. Hala jakinarazi dio Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoari, horretan Euskadiko erakunde guztiak ordezkatuta baitaude.

Beharrezkoa izango balitz, Eusko Jaurlaritzak, prebentzio moduan, 7 garabi astun jarriko ditu errepide-sare nagusian gurutzatuta gera litezkeen kamioiak erretiratuko direla ziurtatzeko. Gainera, baliabide gehiago jarriko ditu kudeaketa-gelan eta telefono-arretan, bai 011n (trafikoko arretan) bai 112an (larrialdien arretan), eta gidariei beharrezko informazioa emango die, besteak beste, mezu aldakorreko panelen, web-orriaren, sare sozialen eta abarren bidez.

Neguko Bidezaintza Plana 2023-2024

Eusko Jaurlaritzak koordinatuko duen 2023-2024ko Neguko Bidezaintza Planean jaso denez, foru aldundien eta autobideen elurra kentzeko 206 makina aktibatu ahal izango dira, iaz baino bat gehiago; bai eta tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren 7 garabi astun eta koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu ere. Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da. Planean aurreikusten da aurtengo negurako 27.600 tona gatz eta 760.000 litro gatzun izatea.