Gripearen zirkulazioak aurreko astean baino gorakada txikiagoa izan du

0
  • Gripeak eragindako arnas infekzio akutu positiboengatiko ospitaleratzeak azken astearen antzekoak izan dira

  • COVID-19 tasaren igoera moderatua da, eta bronkiolitis eta Arnas Birus Sinzitialaren (VRS) kasuak jaitsi egin dira

Arnas Infekzio Akutua (AIA) kontrolatzeko azken txostenak, 2024ko lehen asteari dagokionak, gripearen birusaren zirkulazioak gora egin duela egiaztatzen du, nahiz eta aurreko astean baino neurri txikiagoan; baina gripeak eragindako arnas infekzio akutu positiboengatiko ospitaleratzeak azken astearen antzeko balioetan mantentzen dira. COVID-19aren intzidentziak modu moderatuan egin du gora eta beheraka jarraitzen dute bronkiolitisaren diagnostikoek eta Arnas Birus Sintzitialaren (ABS) detekzioek. Aurreko txostenean bezala, orain aztertutako astean (urtarrilaren 1etik 7ra) jaiegun bat dago, eta horrek eragin nabarmena du emaitzetan.

Oro har, Arnas Infekzio Akutuaren tasa 637,2 kasukoa izan da 100.000 biztanleko, Lehen Mailako Arretako sarean (2023ko azken astean 551,1 kasu izan ziren). Adin-taldeen arabera, tasarik altuena 0-4 urte bitartekoen taldean erregistratu da, 1.497,1 kasu 100.000 biztanleko, hau da, aurreko astean izan ziren 1.852,0 kasuekin alderatuta behera egin du. Tasak jaitsi egin dira 15 urtetik beherakoetan ere, baina igo egin dira gainerako taldeetan.

Arnas Infekzio Akutuko kasu larrien tasa —Osakidetzako ospitale-sarean ingresatu behar direnena— handitu egin da: 29,5 kasu 100.000 biztanleko izatetik —2023ko azken astean— 33,8 kasu 100.000 biztanleko izatera —2024ko lehenengo astean—, eta nagusiki 64 urtetik gorakoak izan dira kaltetuak. Ospitaleratzeetan gripearen kasu positiboen ehunekoa % 36koa da; aurreko astean % 37koa eta aurrekoan % 29koa. COVID-19aren kasuan, ehuneko hori % 11,6 da 2024ko lehenengo astean, % 10,7 2023ko azkenekoan, eta % 10 aurrekoan. VRSari dagokionez, ehunekoa honako hau da: % 14,1 lehenengo astean, % 10,6 2023ko azkenekoan eta % 20 aurrekoan.

Osakidetzako Larrialdiek egun hauetako asistentzia-eskari propioari dagokion gorakadari erantzuten jarraitzen dute, Euskadin arnas infekzioen intzidentziaren gorakadak eraginda, tenperaturen jaitsieraren eta bilera sozialen ugaritzearen ondorioz. Horregatik, Osakidetzako osasun-erakundeek kontingentzia-planak dituzte, eta plan horien arabera, besteak beste, arnas-sintomak dituzten pazienteentzako ohe gehiago jarriko dira, beharrezkoa denean.