Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen eta [H]ARTE fundazioaren arteko lankidetzak ingresatutako pertsonei zentroak ematen dien osasun-laguntza humanizatzen laguntzea du helburu; horretarako, ospitaleko solairuetan bigarren pintura-erakusketa jarri da martxan. Oraingoan, Alberto Palomera diziplina anitzeko artistak hemeretzi lan laga ditu “Ospakizuna” izenburupean; lehenengo eta seigarren solairuen artean egongo dira erakusgai, eskailera nagusiaren ondoan.
Gaurtik (urtarrilaren 12tik) hasita, gutxienez sei hilabetez egongo da lana osasun-zentroan, bertan dauden pertsonen egonaldia ahal den heinean arintze aldera. Aurkezpenean, Alberto Palomera diziplina anitzeko artistak Mª Luz Marqués zuzendari-gerenteari azaldu dizkio erakusgai jarritako artelanen ezaugarri nagusiak. [H]ARTE fundazioaren Susana Cadahia ordezkaria ere bertaratu da aurkezpenera.
“Erakusketa hau ospakizuna da niretzat, beti uste izan baitut artea eraldatzailea izan daitekeela eta lagungarria izan daitekeela pertsonak harmonia handiagoz egon daitezen munduan. Kultura beharrizana dela deritzot, horren fisikoa ez den gizakion zatirako elikagaia, eta erabat ziur nago gure bertsiorik onena garatzen laguntzen gaituela arteak. Hori dela eta, poz-pozik nago nire lanak Gurutzetako Ospitalean erakusgai egoteaz, ospatzekoa baita bertan egotea”, adierazi du egileak.