500 pertsona baino gehiagok parte hartuko dute «Languages Lanean» hizkuntzen kudeaketari buruzko lehen nazioarteko kongresuan

0

Datorren ostegun eta ostiralean, urtarrilaren 18 eta 19an, “Languages Lanean. Hizkuntzen kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan” kongresua egingo da Bilbon. Topaketa honek aukera emango du lan eta jarduera ekonomikoaren eremuan hizkuntzen kudeaketen erronkei buruzko esperientziak ezagutzeko eta irakaspenak partekatzeko, baita horien gainean eztabaidatzeko ere. Horretarako, Euskal Herriko zein nazioarteko hizlariak gonbidatu dira. Hitzaldiez gain, gai jakinen arabera antolatutako mahai-inguruetan parte hartu ahal izango da. Guztira 500 pertsona baino gehiagok eman dute izena Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatutako kongresuan.

Egitarau zabala eta 50 hizlari baino gehiago

Bi eguneko topaketa izango da; urtarrilaren 18an Euskalduna Bilbao Jauregian eta 19an Guggenheim Bilbao Museoan. Kongresua hiru zatitan banatuko da:

  • Urtarrilaren 18, goiza: Eusko Jaurlaritzako eta Europar Batasuneko ordezkariak egongo dira, baita bertako zein nazioarteko enpresetako arduradunak ere. Hala, hizkuntzen kudeaketaren gaia Europar Batasuneko testuinguruan aztertzeaz gain, Google, GKN edo Mondragon Korporazioak euren esperientziak azalduko dituzte.
  • Urtarrilaren 18, arratsaldea: Euskalduna Jauregian bertan gai eta sektore desberdinen araberako mahai-inguruak izango dira. Euskaratik egindako praktika onak ezagutu eta erronka berrien inguruan gogoetatuko da. Orotara, lau areto egongo dira. Izena ematerako garaian lau areto horietako bat aukeratu behar izan da:
    • ‘Pertsonak’ eta ‘Nazioartekotzea’ aretoa.
    • ‘Hizkuntzen kudeaketarako baliabideak’ eta ‘Enpresa txiki eta ertainak’ aretoa.
    • ‘Sektore publikoa’ eta ‘Hezkuntza eta lan mundua’ aretoa.
    • ‘Hizkuntza teknologiak’ eta ‘Zerbitzuaren kalitatea’ aretoa.
  • Urtarrilaren 19, goiza: Hizkuntzen kudeaketaren gaia kultur eremuko sortzaile eta eragileen ikuspegitik aztertuko da. Bertan izango dira, besteak beste, Esti Urresola gidoilaria, zuzendaria eta ekoizlea; Itziar Ituño aktorea edo Pello Reparaz musikari eta ekoizlea.

Zergatik da garrantzitsua hizkuntzen kudeaketa egokia egitea?

Nazioarteko testuinguruan mugitzeko nahiz gure interes taldeekin komunikatzeko, gure erakunde eta enpresetan hizkuntza bat baino gehiago erabili beharra dugu askotan. Komunikazio hori modu egokian kudeatzen ez bada, eragina izango du prozesuaren eta zerbitzuaren kalitatean eta lehiakortasunean.

“Hizkuntza-kudeaketa aurreratuak enpresaren talentua garatu, elkarlanean aritzeko gaitasuna hobetu eta lehiakorragoa izaten lagun dezake. Horretaz gain, ekarpena egiten die euskararen sustapenari eta Europako kultura-aniztasunari”.

Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Gobernuaren bozeramailea.

Nori zuzentzen zaio Languages Lanean kongresua?

Enpresari eta langile, bezero eta hornitzaile… Hizkuntzaren erabilerari lotutako kezkak dituen lan-eremuko pertsona orok topatuko du ezagutza interesgarria kongresuan; besteak beste, nola eman bere lekua hizkuntza bakoitzari; nola zehaztu elkarren arteko bizikidetza egokia, nola neurtu hizkuntzek duten balio ekonomikoa edota neurtezinak diren balio erantsiak.