Desgaitasun intelektuala duten pertsonak ikastetxeetan laneratzeko bultzada

0

 

  • Gipuzkoako zentroetan lan egiten duten desgaituek lan-kontratu bat izango dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Atzegiren artean sinatutako hitzarmenari esker. 
  • Lehen esperientzia honek inklusioa eta berdintasuna indartuko dituzte eskoletan eta laster Bizkaiko eta Gipuzkoako zentroetara zabaltzeko asmoa dago. Horrela, 30 pertsonak lan-aukera izango dute.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Azpeitiko Iraurgi eskolan izan da. Desgaitasun intelektuala duen pertsona bati lehen lan-kontratua egin diote bertan. Eli Aguiriano azpeitiarrak lan kontratu bat lortu du bere herriko eskolan, Atzegi desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko elkarte gipuzkoarraren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arteko hitzarmenari esker.

Ikastetxeko zuzendari Jon Arruti eta Atzegiko ordezkariek, Josean Idoeta presidentea buru dela, pozik hartu dute Eusko Jaurlaritzaren eta hirugarren sektore sozialeko erakunde horren arteko lankidetza fruituak ematen hasi izana. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak langile berria zoriondu du «guztiontzako berezia den egun honetan; lehenik eta behin Elirentzat, urte berria iristearekin batera bere lan-aroa ilusioz hasiko duelako eta, bigarrenik, Eusko Jaurlaritzarentzat eta Atzegirentzat, desgaitasun intelektuala duten pertsonek gure gizartean parte hartzeko eta integratzeko aukera izateko apustua egin dugulako». Bildarratzek azpimarratu du aukera horrek bere bizi-proiektua garatzeko gaitasuna ere badakarrela, eta desgaitasuna duten pertsonek egunero gainditzeko aukera dutela gizarteari zer ekarpen egin diezaioketen ikustean.

Eli Aguirianok hainbat laguntza-lan egiten ditu; lehen orduan ateak irekitzen ditu eta harreran egoten da beharrezko lanak eginez; hala nola enkoadratzea, telefonoa erantzutea edo mandatuak kudeatzea. Ondoren, haurren gelan garatzen diren dinamiketan parte hartzen du, laguntzaile gisa. Eguerdian harrerako lanak egiten ditu berriro.

Lehen lan-kontratu hau Hezkuntza Sailak eta Atzegik joan den urrian sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testuinguruan kokatzen da. Akordioaren helburua da desgaitasun intelektuala duten 30 pertsonari lana eskaintzea Euskadiko ikastetxeetan (publikoetan zein itunpekoetan) datozen hiru urteetan. Horrela, ikastetxeak ezgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko leku bihurtuko dira, lan-munduan integratuz.

Eusko Jaurlaritzaren eta Atzegiren arteko hitzarmenaren garapena

Aurreikuspenen arabera, lehen 10 kontratazioak 2023-2024 ikasturtean egingo dira Gipuzkoako beste horrenbeste ikastetxetan (5 publiko eta itunpeko 5 ikastetxe), Atzegiren bidez ikastetxeetan laguntzen ari diren pertsonei kontratua eta egonkortasuna emango zaie horrela. Ondoren, ekimena Arabara eta Bizkaira hedatzea da asmoa, eta desgaitasun intelektuala duten pertsonak ikastetxeetan sartzea, Gipuzkoako ereduari jarraituz.

Pertsona horiek sinatuko dituzten kontratuak lanaldi erdikoak izango dira, eta egunean lau ordu beteko dituzte. Ordainsaria lanaldi osoko langile batentzat indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren %50aren parekoa izango da. Pertsona horiek beteko dituzten eginkizunak eta zereginak haien gaitasunetara egokituko dira, eta zentro batetik bestera aldatu ahal izango dira, identifikatu diren zerbitzu-beharren arabera. Atzegi arduratuko da lanak betetzeko prestakuntza espezifikoa jasoko duten pertsonak aukeratzeaz. Kontratatutako pertsonen jarraipenaz eta laguntzaz ere arduratuko da, Hezkuntza Sailaren ikuskaritza bitarteko dela.